Ekaitzak Goierri astindu du
Asteburuko ekaitz, haize eta euri jasek kalte handiak eragin dituzte Goierriko hainbat herritan. Ataunen bi bide itxi dituzte luiziek, eta zabaltzeko lanetan ari dira oraindikAspaldian ez bezalako ekaitz erauntsia bota du asteburuan Goierrin. Ataunen 6...
Asteburuko ekaitz, haize eta euri jasek kalte handiak eragin dituzte Goierriko hainbat herritan. Ataunen bi bide itxi dituzte luiziek, eta zabaltzeko lanetan ari dira oraindik
Aspaldian ez bezalako ekaitz erauntsia bota du asteburuan Goierrin. Ataunen 64 litro bota zituen larunbatean, eta Ordizian, 50 jaso zituzten igandean. Hainbat herritan urak gainezka egin eta kale eta errepideak estali ditu. Luiziak ere izan dira, eta hainbat errepide itxi egin behar izan dituzte. Asteburuan aire librean egitekoak ziren bi ekitaldi, Ehunmilak proba eta Gaueko Ibilaldi Mitologikoa, bertan behera utzi behar izan dituzte.Ataun izan da euri kopururik handiena hartu duen herria, eta baita kalterik handienak jasan dituena ere. Larunbat arratsaldeko 18:00etan hasita, apenas 20 minutuan 35,8 litro bota zituen metro koadroko. Menditik behera indar handiz etorri zen ura, eta bidean harriak eta lokatza garraiatu zituen, herriguneraino. Otamotseko zeharbidean behera jaitsi zen luizia, eta Agauntza erreka gaineko zubia erabat itxita utzi zuen, eta inguruetan ere pilatu zen ura.
Astigarraga auzuneko lurpeko garajeetan ere ura sartu zen, batez ere Lizardi eta Graziene Berri eraikinetan. Gauean suhiltzaileak etorri ziren, eta bizilagunen artean, eta suhiltzaileen bonbei esker, ur asko atera ahal izan zuten. Atzo ordea, garaje batzuetan ur kopuru handia ikus zitekeen artean. Astigarragaz gain, Motasoro izan da auzorik kaltetuena; han ere, luizi handia izan zen larunbatean, eta hainbat baserritara daraman bideak itxita jarraitzen zuen atzo.
Asier Rodriguez Ataungo alkateak azaldu duenez, lau dira oraindik inkomunikatuta dauden baserriak: Lizarburu, Ubelarain, Dorronsoro eta Lizarburu. Sorotxoeta baserrirako bidea ere itxita dago Motasoro aldetik, baina Igartzagarate aldetik badu irteera San Gregoriora. Orain «lehentasuna» baserri horietarako «bidea zabaltzea» dela esan du alkateak. «Arkitektua ari da begira eta makinak hasteko prest daude». Atzo hasi eta gaur bukatzea espero dute bidea zabaltzeko lanak. Bien bitartean, aseguru etxeekin ere harremanetan jarri da udala, izan diren kalteak neurtzeko.
Ordizian ere kalte ugari
Ordizian ere sekulako euri jasak izan dituzte, bai larunbatean eta baita igandean ere. Larunbat arratsaldean, metro koadroko 20 litro jaso zituzten ordu bete eskasean; igandean, berriz, 16:00ak aldera hasi zuen, eta hogei minutuan, 28 litro bota zituen. Haizeak ere indartsu jo zuen, eta 88,9 kilometro orduko boladak neurtu zituzten Ordizian bertan. Horrek guztiak kalte ugari eragin ditu, bai kaleetan zuhaitz eta adar ugari bota zituen eta baita hainbat eraikinetan ere. Auzorik kaltetuena, San Jose izan zen, herriaren behekaldean. Trenbide azpiko zubian ia metro beteko altuera hartu zuen urak. Bidea itxi egin behar izan zuten, baina arratsaldean zehar, Babes Zibileko taldeak zabaldu zuen atzera.
Odilo Rivela Majori kiroldegiko arduradunaren hitzetan, sarrerako pasilloan ez ezik, kantxara ere sartu zen ura. Hala ere, atzo normaltasunez zabaldu ahal izan zuten kiroldegia. Kanpoko igerilekua ordea, itxita egon zen atzo. Majori auzoan ere izan ziren kalteak. Zaldibiako bidean dagoen Orkli lantegian eta inguruko hainbat taillerretan sartu zen ura, eta baita garajeetan ere. Atzo, langileak nahiz bizilagunak garbiketa lanetan aritu ziren.
Ataunez eta Ordiziaz gain, beste hainbat herritan ere nabaritu dituzte euri jasaren kalteak. Lazkaon, San Jose auzoan urak atera eta kale osoa hartu zuen. Idiazabalen eta Olaberriko Ihurre auzoan ere urak errepidea estali zuen hainbat tokitan, eta autobide azpiko pasabidea itxita egon zen. Idiazabalen, baserri bide batzuk ere kaltetuta gelditu dira, ekaitzaren ondorioz.