Tximistaren abiaduran
«Ezegonkortasun meteorologikoa eta ekaitz elektrikoak direla eta» EHM eta G2H probak ez dira osorik jokatu aurten. Ehunmilen antolatzaileen erabaki gaitasuna eta ebakuazio plana denen ahotan egon da asteburuanOstiral arratsaldean Ehunmilak ultra-trai...
«Ezegonkortasun meteorologikoa eta ekaitz elektrikoak direla eta» EHM eta G2H probak ez dira osorik jokatu aurten. Ehunmilen antolatzaileen erabaki gaitasuna eta ebakuazio plana denen ahotan egon da asteburuan
Ostiral arratsaldean Ehunmilak ultra-traileko lasterketaren 9. edizioa abiatu aurretik, Mikel Valdivielso zuzendariak eguraldiaren iragarpenaren berri eman zuen, eta zentzuz jokatzeko deia ere egin zien partaideei. Ordurako kezka sumatzen zen antolatzaileen bisaian, eta arratsak aurrera egin ahala, areagotu egin zen. Gaua tximistek argitzen zuten, eta larunbat goizaldeko 02:00etarako Ehunmilak (EHM) eta Goierriko Bi Handiak (G2H) bertan behera utziak zituzten. Erabakia hartua zegoen.Ordurako jakina zena, eta sare sozialetan etenik gabe zebilen albistea, ohar ofizial batekin berretsi zuten antolatzaileek larunbat goizean. Honakoa zioen hitzez hitz: «Ehunmilak antolakuntza batzordeak larunbat goizaldean Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketak bertan behera uztea erabaki zuen, Azpeitian eta Larraitzen hurrenez hurren. Bertan behera uztearen arrazoia ezegonkortasun meteorologikoa eta ekaitz elektrikoak izan ziren. Egoera ikusita, eta boluntario eta korrikalarien segurtasuna zaintzeko, behin-behinean lasterketa neutralizatzea erabaki zen. Egoerak okerrera egiten zuela eta denboran luze zihoala ikusita, guztien onerako, lasterketak bertan behera uztea erabaki zen».
Erabaki irmo eta azkarra
Zenbait herritako boluntarioei egina zieten deia ostiral arratsaldean ibilbide alternatiboak balizatzeko, eta mendian zeudenekin harremanetan jartzeko lanak zituzten. Ehunmiletako korrikalariak bidea egiten ari ziren ordurako, 23:00etan ziren abiatzekoak G2Hkoak. Eta azken horiek Zaldibiako anoa-gunera iristearekin batera 23:30-00:00ak aldera berealdiko erauntsia hasi zuen. Uste okerrenak betetzen ari ziren.
Mikel Valdivielso eta Andoni Zubeldia lasterketaren antolatzaileak Larraitzera igo ziren orduan. Lehen korrikalariak hara iristearekin batera, proba behin-behinean etenda zegoela jakinarazi zieten, eta 01:00ean bertan behera uztea erabaki zuten, 19. kilometroan. Agindu bera iritsi zen EHMren Azpeitiko kontrol gunera. Han 02:00etan eten zuten erabat proba (52. km).
Ebakuazio plana zen hurrengo urratsa. G2Hko korrikalariak Larraizko ermitan babestu zituzten Gurutze Gorriko eta Goierrialdeko autobusak iritsi bitartean, eta EHMkoak Azpeitiko Azokan. Antzizar kiroldegia zen ebakuazio gunea: 04:30a aldera han zeuden korrikalari guztiak. Antolatzaileen erabaki irmo eta azkarrak agerian utzi du proba honen handitasuna.