GUTUNA – Joseba Antxon Garzia. Urdaneta Dantza Taldea (Ordizia)
Santa Anako festak gerturatzen ari diren honetan, ekintzaz beterik izango ditugu datozkigun egunak. Egitarau zabala eta anitza izango dugu aurten ere. Ekintza batzuk guztiz ezagunak dira,hala nola, buruhandiak eta erraldoiak, Gorriti bigantxekin, gaueko berbena, zezen suzkoa… Beste batzuk, aldiz, guztiz berriak dira Ordiziako 750.urteurrena dela eta.
Hauen artean haurren danborradan dantzatuko den
Ordiziako martxa da, hil berria den Jesus Mari Garatek sortutako koreografia dantzatuko da. Urdaneta dantza taldeko dantzariek penaz eta parte hartzeko gogoz ikusiko dute dantza hau, dantzari diren aldetik gustura arituko liratekeelako dantza egiten gure herriko plazan, gure herriko martxa.
Urte osoan zehar gogotsu eta gustura parte hartzen dugu herrian antolatzen diren ekintzetan: Erdi Aroko Azokan, Kalderero egunean, Otegi Eneako jaietan, zahar egoitzan bertan dauden aiton-amonak alaitzeko egiten den dantzaldian, jubilatuen egoitzan dantza saio bat egiten dugu… Eta zaila egiten zaigu ulertzea danborradan dantza egitera ez gonbidatu izana, gutaz ahaztu izana.
Horregatik espero dugu, kontuan hartzea gu ere ordiziarrak garelako. Aupa Santa Ana jaiak!
– Joseba Antxon Garzia. Urdaneta Dantza Taldea (Ordizia)