Zeraingo paisaia kulturala, argazkietan

Zeraingo paisaiak bertako kulturan zer nolako eragina izan duen azaldu dute turismo bulegoak antolatutako txangoan

 

“Kultura bizimoduak, ohiturak, sinesmenek… inguruneak guzti hori baldintzatzen du”, azaldu du Judith Arruabarrena Zeraingo turismo bulegoko gidariak. Herriko minetatik zehar, ibilaldi kulturala egin dute gaur Zerain hobeto ezagutarazteko. Udararo antolatzen dituzte txangoak. “Gehiago arduratzen gara atzerriko tokiak bisitatzeaz, baina Goierriko historiak eta txokoak ez ditugu ezagutzen. Inguruko herrietako jendea etortzen denean, ea lehenago nolatan etorri ez diren galdezka joaten dira”. Asko dira Goierriko herrietatik hurbiltzen direnak, baina gehiengoak Espainiar estatutik datoz, baita Kataluniatik.

Txangoa Aizpitta eraikinetik hasi da. Garai batean mehatzeak kudeatzen zituzten ingeniarien etxea zen baina, gaur egun, Zeraingo interpretazio zentro bilakatu da. Bertan, meatzeek herrian izan duten garrantzia ikus liteke ikus-entzunezkoen bidez.

Burdinari dagokionez, Euskal Herria aberatsa da oso. II. mendean, erromatarrek, ustiatzen zituzten bertako meatzeak. Erdi aroan hartu zuen indarra meatzaritzak Zerainen. Izan ere, inguruko mendiak kalitate handiko burdinez daude hornituak. Hasieran batean aire zabaleko minetatik ateratzen zen burdina, baina agortuz joan hala, mendian barrena murgiltzen hasi ziren langileak. Hala sortu ziren inguruetako galeriak, baita garraiatzeko beharrak eragindako trenbide sareak.

Jabetza ugari izan ditu Zeraingo mehatzeek. Besteak beste, Aretxabaletako jauntxo batenak izan ziren XVI. mendean Espainiako Koroaren lagapen bati esker, edo atzerritarren eskuetan izan dira: konpainia ingelesek ustiatu dute urteetan Burdinaren Mendia, baita alemaniarrek ere. Are gehiago, Zerain geografikoki gune estrategikoa zenez, Aizpitta eraikina nazien espioitza gune bat zela baieztatzen duten hipotesiak egon badaude; Bigarren Mundu Gerra amaitzean, egun batetik bestera alde egin zuten alemaniarrek, eta Patricio Etxeberriak hartu zuen minen ardura. Halere, txatarrarekin ibiltzea errentagarriagoa zela ikusirik, berak ere alde batera utzi zituen Zeraingo meatzeak.

“Oraindik meatzeek bizia ematen diote herriari. Zerain beti aurrera egiten duen herria da, eta denen artean asmatu dute itxitako minetatik probetxua ateratzen”, dio Arruabarrenak. Turista asko erakartzen ditu, eta herriari beste kolore bat ematen dio.

Txangoan galeriak, labeak, trenbideak… ikusi dituzte hurbildu direnek, baina testuinguruan ere jarri dituzte. Esaterako, basoko zuhaitzak ezagutzeko baliatu dute, baita ere gizakiak bertan eragindako aldaketak ikusi. Zeharka bada ere, Goya margolariaren ahaideen baserria ere ikus daiteke bidean.

Zeraingo festak igaro ostean beste bi txango izango dira: 23an biodibertsitatearen inguruko txangoa izango da, eta 30ean ingelesen eta alemaniarren ustiapen garaiak jorratuko dituzte.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend