Bederatzi egile ez profesionalek parte hartuko dute lehenengo lehiaketa herrikoian. Arkupe elkartean izango da, aurrena dastaketa eta ondoren afaria. Norberak egindakoa izan behar du
Olaberriko plazan egindako sagardo dastaketa, 2012. urtean. // Argazkia: Aimar Maiz
Olaberriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia larunbatean jokatuko da, Arkupe elkartean. Lehiaketa 20:00etan hasiko da, 9 herritarrek egin eta aurkeztutako sagardoekin. Ondoren, 22:00etan, afaria dute. Izena emateko telefono zenbakia herriko tabernetan dago. 20 euro da afaria: tomate entsalada, txerri saihetsa eta gazta. 50 lagunentzat tokia dago, gehienez. Biharko da epea.
Lehiaketa herrikoia denez, herritar soilek parte hartuko dute, ez sagardogile profesionalek. Norberak egindako sagardoa izan behar du, berdin dio etxeko sagarrekin egina den, ala etxean prentsatua den. Larunbat goizean, arduradun batek zenbakia jarriko die botilei, eta iluntzean probatuko dituzte afaltiarrek, partaideak ere tartean. Irabazleari txapela emango diote.
Sagardoa goratuz, festa
«Helburua festa bat egitea da, eta herrian giro pixka bat jartzea. Asmoa ez da lehiaketa ofizial edo serio bat egitea, sagardoak ere ez direlako profesionalak. Gustuaren arabera, jendeari iruditzen zaiona baloratuko da», azaldu dute antolatzaileek. Lau olaberritar ari dira antolatzen.
Bestetik, Olaberrian sagardoa egiteko ohitura «uste baino gehiago» dagoela ikusi dute. Baserri batzuetan aspalditik egiten dute, beste batzuk garajean prentsa txiki batekin aritzen dira, eta sagarra zanpatuta muztioa ekarrita ontzen duenik ere bada. Sarea ehundu dute, hala.
«Eskakizunetan ez gara zorrotz jarri. Bakar-bakarrik, sagardogile profesionalak ez izatea jarri dugu arau». Baserri, sagasti edo bestelako izenekin bataiatu dituzte partaideek sagardoak.
PARTE-HARTZAILEAK
· Aranguren. Garikotz Arrieta.
· Arangurentxiki. Egoitz Salinas.
· Handikosoro. Jokin Arratibel.
· Makaztegi. Juanjo Amoztegi.
· Oñatibitxiki. Jose Antonio Elosegi.
· Remigiorena. Joxean Iturriotz.
· Txara-Berri. Felix Urteaga.
· Urkiola-Azpi. Joxe Migel Zubeldia.