Erika Elizari hernaniarrak "ametsa" bete du Igartza Saria irabazita; hegaldi gorabeheratsu baten kronika egin nahi du 'Zendabalitz' lanarekin
Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak antolatutako 21. Igartza Literatur Bekak badu irabazlea: Erika Elizari, 30 urteko hernaniarra. 12 liburu proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna den Elizariren
Zendabalitz izenekoa aukeratu du Miren Amurizak, Garazki Kamiok eta Igor Estankonak osatutako epaimahaiak.
Literaturarekin izango duen lehenengo harremana izango da Elizarirentzat. «Azken urteetan saria jasotako lanak irakurtzeko ohitura hartua nuen eta beti zerbait idiliko gisa ikusten nuen. Igartza Saria irabaztea amets moduko bat zen, baina gero ez nuen sekula parte hartzeko pausoa ematen». Baina aurten animatu da: «30 urte bete berri ditudalako eta beka eskuratzeko gehienezko adinetik gero eta gertuago nagoelako; eta ama izan berri naizela eta haurdunaldian zehar idazteko inoiz baino denbora gehiago izan dudalako». Presioa, ilusioa eta motibazioa sentitzen ditu orain Igartza Saria irabazita, «eremu guztiz berria da eta jendeak irakurriko duela jakiteak apur bat ikaratzen nau».
Atzoko Igartzako ekitaldian, 3.000 euroko txekea jaso zuen Elizarik eta urte beteko epea izango du liburua idazteko. Ekitaldi berean, iazko irabazleak, Miren Amurizak, beste 3.000 euro jaso zituen, eskatutako epean liburua bukatzeagatik; otsailean argitaratuko da bizkaitarraren liburua.
Hegaldi gorabeheratsua
Hegaldi gorabeheratsu baten kronika kontatu nahi du idazle gazteak, zazpi bidaiariren barne bakarrizketen bitartez. «100 lagun hegazkin baten barruan daude; aireportuan geldirik eta hegazkinetik atera ezinik. Hegazkina aireratzeko pistatik metro eskasera pausatu da arazo tekniko txiki bat antzeman dutelako». Oso perfil desberdinekoak dira protagonistak, «bakoitzak barne gatazkak, bere kezkak eta zalantzak izango ditu eta horrekin jolastu nahi dut. Batak eta besteak dituen kezkak kontrajarri, eta aldi berean, elkar eraginak egongo dira. Beraien artean ere, harreman batzuk sortuko dira eta harreman horiek izango dira ezinbestekoak bidaiaren nondik norakoak erabakitzeko». Atzoko aurkezpenera arte, ez zeukan «oso ziur» nola bukatuko zen istorioa, baina «autobusean nentorrela ideia bat etorri zait eta hortik joan liteke».
Umoretik joan nahi du Elizarik: «Berez eleberriaren muinean dauden gaiek badute drama kutsu bat. Pertsonaia guztiek beren buruan dituztenak nahiko dramatikotzat dituzte. Baina nobelaren bitartez bilatu nahi dut horri buelta ematea, eta laztasuna kentzea denoi kezkak sortzen dizkiguten iraganeko eta etorkizuneko gaiei».
Barne kontzientziak pertsonaren buruan, izaeran eta jokabidean duen eraginaz ere hitz egin nahi du eleberriarekin. Horretarako, «argi neukan istorioa toki batean gertatzea nahi nuela, oso denbora tarte mugatuan. Hegazkinak aukera paregabea ematen du dramatizatzeko».