Elikadura ardatz, osasunari keinu

Goierriko XI. Jardunaldi Ekologikoak egingo dituzte datorren astean bost herritan. Aurten hil den Jesus Mari Gonzalez baserritar eta ekosozialista izango dute gogoan bost saio horietan.

Bost saio, bost herritan. Horixe izan zitekeen Goierriko Baratzak, Biolur elkarteak eta Zeraingo Udalak elkarlanean antolatu duten Goierriko XI. Jardunaldi Ekologikoen goiburua. Iaz hasitako bideari helduz, hamabostaldi izatetik astebetera mugatuko dira saiook, eta Zeraingo 24. Azoka Ekologikoaren biharamunean egingo dira, hilaren 18tik 22ra. Lau hitzaldi –euskaraz eta gazteleraz bina– eta tailer bat dira aurtengo eskaintza. Gaiak, askotarikoak –osasuna, elikadura, medikuntza, botikak…–, baina denak ardatz beraren jiran: ekologia.

Jesus Mari Gonzalez Martinez (1946-2018) baserritar eta ekosozialista izango dute gogoan aurtengo jardunaldietan. Angela Linskey emazteak eta biek urteetan gobernatu dute Abaltzisketako Naera Haundi baserria, eta ekoizpen ekologikoan aritu izan dira. Behin baino gehiagotan bisitatu ahal izan da haien baserria jardunaldi hauen harira, eta Goierriko Baratzan salgai izan dira han egindako marmeladak.

«Gure aitortza merezi duen pertsona bat dela uste dugu, eta ez soilik gurekin izan duen tratuarengatik. Borrokalari nekaezin bat izan zen, eta gizarte ekologiko eta justuago baten alde lan handia egin zuen. Baserritartzat zuen bere burua, baina ekosozialista definizioa ere erabiltzen zuen». Txisku Masid Goierriko Baratzeko ordezkariak nabarmendu du saio guztietan egingo diotela aipamenen bat Gonzalezen izateari eta lanari.

Lau hitzaldi, tailer bat

Garbiñe Etxaniz beasaindarrak hesteetako mikrobiotei buruz Ataunen emango duen hitzaldiarekin hasiko da aurtengo zikloa, datorren asteartean. Asteazkenean, Gure platera, Gure Aukera eta Elikadura Justizia dinamiketako ordezkari Eneko Viñuela «gaixotzen gaituen» gaur egungo elikaduraz ariko da Ordizian.

Biolurreko teknikari Leire Ibarretxek, berriz, nekazaritza ekologikoen oinarriei buruz hitz egingo du Zerainen, eta hara joaten direnei jarduera mota horri buruzko azalpenak emango dizkie. Ostegunean izango da saio hori, hilaren 20an. Eta azken hitzaldia Seguran izango da, ostiralarekin. Eneko Landaburu mediku eta dibulgatzailea norkbere burua sendatzeko duen gaitasunaz ariko da.

Itsasoko Goiti baserrian egingo den ogi tailerrarekin bukatuko dira aurtengo jardunaldiak larunbatean. Luis Mari Amiama okinak gidatuko du saioa.

Jesus_Mari_Gonzalez

SOSLAIA: Jesus Mari Gonzalez (1946-2018)

–Angela Linskey

Inglaterran hasi zen dena, 1975. urtean, Jesus Marik eta biok  denboraldi bat pasa genuenean han hark ingeles maila hobetu zezan. Leeds-eko bibliotekan Our daily bread (Gure eguneroko ogia) liburua hartu zuen, eta agroelikadura industrial konbentzionalari buruz irakurri, eta industria horrek ingurumenean eta gizakion osasunean eragiten zituen kalteak ezagutu ondoren, bizitzeko eta elikatzeko beste modu bat aurkitu behar genuela erabaki zuen.

Euskal Herrira 1976an itzuli ginen, eta gure bizimodu berriak nolakoa izan behar zuen zehazten hasi ginen. Jesus Mariri betidanik gustatu izan zitzaion mendian ibiltzea eta hark zuen zaletasun hori nire egitea lortu zuen. Gipuzkoan barrena egin genituen ibilaldi eta zeharkaldietan arreta berezia sortzen ziguten lur landuz inguratutako baserriek eta arnasten zen giro baketsuak. Hark argi zuen gure aldaketa pertsonala baserri batera bizitzera joanez eta gure elikagaiak era ekologikoan ekoitziz hasiko zela. Artean, ordea, informazio guztia atzerrian aurkitu behar zen.

Bila eta bila aritu eta gero, eta saiakera antzu bat baino gehiagoren ondoren, bilatzen genuena aurkitu genuen. Urte hauetan guztietan ikusi dugu gure bizimodurako geneukan oinarrizko ideia garatu egin dela, energia berriztagarriak darabiltzatzen eta familian eta taldean kudeatzen diren baserri ekologiko gehiago dagoela,  tokiko salmentara bideratu direla baserrietan ekoitzi diren produktu horiek, eta guretzat behintzat garrantzitsuena izan dena, naturarekin bat bizitzeko hautuak bizirik dirauela.

eneko-vinuelaEgitaraua

Irailak 18, asteartea
· 19:00. Hitzaldia (euskaraz), Ataungo udaletxean. Hesteetako mikrobiota, osasunaren gakoa. Ikasi nola zaindu. Hizlaria: Garbiñe Etxaniz (Osasun integratiboan aholkularia).

Irailak 19, asteazkena
· 19:00. Hitzaldia (gazteleraz), Ordiziako Barrenan. Emaidazu pozoia. Gaixotzen gaituen elikadura. Hizlaria: Eneko Viñuela (Gure platera, Gure aukera dinamikako kidea).

Irailak 20, osteguna
41378790_1418942628249831_4148161027445358592_n· 19:00. Hitzaldia (euskaraz), Zeraingo kultur etxean. Baratze ekologikoa. Hizlaria: Leire Ibarretxe (Biolur elkartea).

Irailak 21, ostirala
· 19:30. Hitzaldia (gazteleraz), Segurako kultur etxean. Norbera sendatu, sendagaien arriskurik gabe. Hizlaria: Eneko Landaburu (Sendagilea eta dibulgatzailea).

Irailak 22, larunbata
· 10:00-14:00. Ogi tailerra Itsasoko Goiti baserrian. Izena emateko: 943 08 74 98 zenbakian edo Goierriko Baratza dendan. Plaza mugatuak.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend