Urte amaierarako Barrena jauregiko fatxadak argiztatze berria izango du. 80.000 euroko aurrekontua du berriztapenak eta Iberdrola Fundazioak hartuko du bere gain
Ordiziako Barrena jauregia balioan jartze aldera, udalak eta Iberdrola Fundazioak jauregiko fatxada argiztatzeko hitzarmena sinatu dute. 80.000 euroko aurrekontua du proiektuak eta Iberdrola Fundazioak bere gain hartuko du inbertsioa. Atzo sinatu zuten hitzarmena eta bertan izan ziren Jose Migel Santamaria Ordiziako alkatea, Joseba Aranburu zinegotzia, Ramon Castresana Iberdrola Fundazioko zuzendaria, Fernando Garzia Sanchez fundazioaren lehendakaria eta Jose Maria Grijalba estatuko iparraldeko Iberdrola Horniketakeko zuzendaria.
Urte amaierarako Barrena jauregiko fatxadak argiztapen berria izango duela aurreikusi du Santamariak. Modu horretan, «Ordiziako ondarea balioan jarri nahi du udalak». Ordiziako alkateak bere esker ona adierazi zien Iberdrola Fundazioko ordezkariei, proiektuaren inbertsioa Iberdrolak bere gain hartzeagatik. Argiztapen proiektua, argien erosketa, zuzendaritza teknikoa eta lanen exekuzioa egingo ditu. Bestalde, instalazioaren zaintza eta energiaren kontsumoa udalaren ardura izango dira.
Iberdrola Fundazioko lehendakariak Ordizian egotea «ohore bat» dela erantzun zion Santamariari. Barrena jauregia «ordiziarren historiaren zati bat da, bertakoen sustraiak dira», gehitu zuen.
Ekimen hau Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrenaren baitan antolatutakoa da.
Babestu eta berreskuratu
Ordiziako ondarea «kontserbatzea, hobetzea eta berreskuratzea ditu helburu Ordiziako Udalak» Santamariak nabarmendu zuenez. Iberdrola Fundazioaren ardatzak, berriz, lau dira, Castresanak adierazi zuenez: «Formakuntza, ikerketa, elkartasuna eta ekintza kulturala». Hitzarmenarekin, bi erakundeek «ondarea babestu eta berreskuratuko» dute.
Fundazioaren asmoa «erreferentziazko erakundea izatea da», Garziak adierazi zuenez. «Pertsonen bizitza kalitatea hobetu eta garapen iraunkorreko ekimenak sustatuta» lortu nahi dute hori. Hori horrela, ondare historiko-artistikoaren kontserbaziorako proiektu garrantzitsuak garatzen ditu.
Horietako bat da Barrena jauregian egingo dutena, baina beste toki batzuetan ere egin dituzte horrelakoak. Orain arte 80 eraikin baino gehiago argiztatu dituzte. Horien artean, San Isidroko errege panteoiaren kolegiata (Leonen) edo Ucles monasterioko fatxada (Cuenca), besteak beste
Kultur Intereseko ondarea
1964. urtean izendatu zuten Barrena jauregia Kultur Intereseko Ondarea. XVII. mendeko euskal jauregien hiri arkitekturaren adierazlea da, eta Ordiziako eraikuntzarik garrantzitsuenen artean dago. Juan de Herrera arkitektoak zuzendu zituen lanak.
Eraikuntzak duen berezitasun handienetakoa, hiru fatxadek estilo arkitektoniko desberdinak dituztela da eta Euskadin kasu bakarra da.