Aurtengoa Aizkorrin Barrena mendi martxaren 11. ekitaldia da. Hamaika ekitaldi eta hamaika ibilbide ezberdin Legazpiko bideak ezagutzera emateko. Galdera jokoa egingo dute
Iaz lehenengo aldiz sartu zen Legazpiko herrigunean Aizkorrin Barrena mendi martxa. Izan ere, urtero-urtero martxaren ibilbideak berritzen dituzte bide zaharrak berreskuratzeko eta legazpiarrei euren herrian dauden tokiak erakusteko. Aurtengoa 11. ekitaldia da eta Joarasgibeleko iparraldea, Otañuko ekialdea eta Aizaleku mendia igoko dituzte lehenengoz. Mendi martxa igandean egingo dute. Bi ibilbide izango dira aukeran eta, ohi bezala, Brinkolatik aterako dira. Hamaikagarren kilometroan banatuko dira mendi martxa luzea eta laburra.
Zanpa-Zanpa ibilbidea bietan luzeena da, 29 kilometrokoa. 1.500 metroko desnibela dauka eta gehienez 1.200 metrora igoko dira. Kontrol postuak Aztirian eta Lizarragan egongo dira, bertan ura emango dute, eta anoa postua Oakoroson ipiniko dute. Bira zirkularra izango da; Brinkolako geltokitik atera eta bertara iritsiko dira mendizaleak. Irteera 08:15ean egingo dute.
Ttipi-Ttapi ibilbidea laburragoa da, hamalau kilometro eta erdikoa. Desnibela 700 metrokoa eta gehienezko altuera 815 metrokoa izango du. Kontrola eta anoa postua Aztirian izango dira.
Aitor Casado antolatzaile taldeko kidea da, Izadi Zaleak mendi elkartekoa, mendi martxa antolatzen «nahi baino boluntario gutxiago» dabilela esan du eta aurten «berrikuntza berezirik ez» dagoela.
Azken bi urteetan egin duten bezala galdera jokoa egingo dute. Mikel Oskoz gogoan antolatu dute oraingoan ere lehiaketa. Parte hartzaileek galdera sorta jasoko dute irteeran eta, behin martxa amaituta, erantzunak utzi beharko dituzte helmugan. Erantzunak ongi eman dituztenen artean zozketa bat egin eta opariak banatuko dituzte.
Internetez izena emateko azken eguna gaur da. Izadi Zaleak taldearen webgunearen bitartez egin daiteke. Urretxuko eta Zumarragako kiroldegietan izena emateko azken eguna bihar da eta Legazpiko Urbeltz tabernan, Gaztetxean eta Brinkolako Armuño elkartean etzira arte da epea. Aurrez eginda 10 euro dira eta egunean bertan eginez gero 12 eurokoa.