'Sanmigelak', udako azken jaiak
Altzagan, Gaintzan eta Urtsuaranen jai nagusiak izan dira asteburuan. Lazkaon eta Ormaiztegin San Migel eguna ospatu dute. Eguraldi eta giro bikaina, guztietanUdako azken festak eta udazkeneko lehenak dira sanmigelak; aurtengoak ikusita, uda betekoak i...
Altzagan, Gaintzan eta Urtsuaranen jai nagusiak izan dira asteburuan. Lazkaon eta Ormaiztegin San Migel eguna ospatu dute. Eguraldi eta giro bikaina, guztietan
Udako azken festak eta udazkeneko lehenak dira sanmigelak; aurtengoak ikusita, uda betekoak izan direla ere esan liteke, ordea. Altzagan, Gaintzan eta Urtsuaranen asteburu osoko festa izan dute; Lazkaon eta Ormaiztegin berriz, larunbatekoa.Gaintzan ostiralean hasi zituzten herriko festak, Zapotxinen jaitsierarekin. Aurtengo berrikuntzetako bat, herri kirol desafioa izan dute; Gaintzako umeak eta gazteak Hernanikoen kontra aritu ziren, lehia bizian. Trontzan, txingekin, korrika, lokotxetan, sagar bilketan, gizon proban, zaku lasterketan eta sokatiran aritu ziren, eta bisitariek irabazi bazuten ere, ikuskizun ederra eskaini zuten bi taldeek.
Altzagan ere herri bazkaria izan zuten larunbatean, trikitilari bertsolariekin. Igandean, herri kirolak eta sagardo dastaketa izan ziren ekitaldi nagusiak.
Ormaiztegin Harrikalari Txapelketa egiten dute San Migel egunez. Aurten ere parte hartze handia izan da, eta iaz irabazi zuten biak, Borja Irizar eta Amaia Eskisabel, izan dira aurten ere onenak, 26,2 eta 12,5 metroko jaurtiketekin, hurrenez hurren. Lehiaketaz harago, ordea, festa giroa izan zen nagusi. Afal garaian giro ederra izan zuten ormaiztegiarrek, Bentazarreko Mutiko Alaien kantuekin.
Lazkaon umeena izan zen San Migel eguneko goiza, duatloi, pilota eta jolasekin. Duatloian 45 ume aritu ziren, eta pilota txapelketan 60 bat. Gauean, herri afari jendetsua egin zuten; mila lagun inguru elkartu ziren plazan, 650 frontoian eta beste 350 estalpean, aurrenekoz.
Urtsuaranen trikiti eta bertso doinuek lagunduta hasi zituzten festak zapatuan, eta hala bukatu zituzten igandean ere. Tartean, pailazoak eta herri kirol ikuskizuna ere izan zituzten.