Jose Migel Barandiaranek, Telesforo de Aranzadik eta Enrike Egurenek idatzitako Altzaniako zortzi Trikuharriren esplorazioa berrargitaratu du Idiazabalgo Udalak
Idiazabalgo Udalak, 1921. urtean Jose Migel Barandiaranek, Telesforo de Aranzadik eta Enrike Egurenek argitaratutako
Altzaniako zortzi trikuharrien esplorazioa liburua berrargitaratu du, eta atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean aurkeztu zuten. Bertan izan ziren Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendaria, Ioritz Imaz Baztarrika Idiazabalgoa Alkatea, Joxe Migel Barandiaran Fundazioko Zuriñe Velez de Mendizabal eta Antonio Berasategi historiagilea.
Idiazabalgo alkateak argitu zuenez, «Idiazabalgo kirol elkarteko mendi sailekoek egin zuten liburua berrargitaratzeko proposamena» eta udalak «interesgarria» izango zelakoan, baiezkoa esan zuen. Kontua da irailaren 15ean Bost Herrien arteko IV. Ibilaldia egin zutela, Goierriko Mendizale beteranoek antolatuta. Urtero, gai desberdin baten bueltan antolatzen dute eta aurtengo ibilbideak, Idiazabal eta Ataun artekoa, Atxurbide, Aitsu eta Izozkoako mendietan dauden trikuharriak izan ditu ardatz. Horien harira pentsatu eta antolatu zen ibilaldia.
Hori horrela, Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek orain dela 87 urte trikuharriei buruz argitaratutako idatzia ibilaldian lagungarri izan zitekeelakoan egin zioten Udalari berrargitaratzeko eskaera.
Gainera, Baztarrikak azaldu zuenez «dokumentu originala gaztelera hutsean bazegoen ere, berrargitarapena euskaraz» egin dute.
Hiru trogloditak
Euskal Herriko historiaren ikerketan hiru pertsonaia oso garrantzitsu izan ziren Barandiaran, Aranzadi eta Eguren, eta prentsaurrean adierazi zuten bezala, «
hiru troglodita tristeak bezala ziren ezagunak».
Antonio Berasategik nabarmendu zuenez, «haiek egindako lana ezinbestekoa izan da, inguru fisikoak ikertzeaz gain, haien inguruan zer zegoen ere ikertu» zutelako, eta Altzaniako trikuharrien kasuan ere hala egin zuten. Horregatik «liburuak balio oso handia» duela azpimarratu zuen Berasategik eta orain, herritar guztientzat eskuragarri dagoenez, «jendeak jakintza hau apreziatzen jakitea baino espero ez» duela adierazi zuen, «balio handia duen idatzia delako».
Tertulian saioa
Hurrengo astean antolatu duten Tertulian saioa,
Historiaurrea Goierrin. Idiazabal izenburupean emango du Joxean Mujikak. Urriaren 16an, asteartearekin, 18:30ean, Udaletxeko areto nagusian izango da. Sarrera librea da, beraz herritar guztiak gonbidatuta daude hitzordura.