Maddiren aurkia eta ifrentzua, diskoan biraka

'Ying yang' lehenengo diskoa argitaratu du Maddi Noguera ataundar musikariak. Lauko taldea osatu du, eta hamar abestiko bilduma ondu du, rock aire indartsua erantsiz. Interneten ere jarri du eskura.

MADDI_NOGUERA__YING_YANG__

Euskal musikaren antzokira irten da Maddi Noguera ataundarra, azken urtebetean inguruan osatu duen talde indartsua lagun. Iraupen luzeko lehenengo diskoa argitaratu du, Ying Yang (Bonberenea Ekintzak, 2018). Sei abestiz osatutako Ezagutu, onartu, maitatu disko laburra atera zuen 2016ko urtarrilean. Orain, nortasun musikala indartuta, talde izaera finkatuta eta oinak rockaren esparrura zuzenduta egin du konfirmazioa.

maddi diskoaTolosako Bonberenea Ekintzak estudioan, Karlos Osinagarekin grabatu dute Ying Yang, uztailean. Aurreko asteazkenean jarri zuen salgai disko konpaktua (10 euro). «Kontzeptu bezala, ying yang gustatzen zait, pertsonalki. Baita irudia ere: txurian beltza, eta beltzean txuria. Denera zabaldu dut hori, eta izenburutarako ere polita iruditu zitzaidan. Ona eta txarra, letretan ere islatzen da; biak batera», azaldu du Maddi Noguerak.

Tximeleta batekin ilustratu du diskoaren azala. «Tximeleta erdia femeninoa, erdia maskulinoa da. Irudiak eta hitzek lotura bat edukitzea nahi nuen».

Hamar abesti dakartza. Bederatzi etxeko labean sortutakoak dira, eta azkenekoa bertsioa, «gure buruari egindako bertsioa da, lehenagoko abesti bati beste buelta bat emanda».

Ezagutzen zen Madditik ez da urrundu Ying Yang-eko musika mota. «Lehenagoko abesti tipoa da. Hori bai, soinu aldetik «askoz» rockeroagoa da: «Beste mundu bat da, baina saiatu gara Maddi definitzen duen nortasuna edo esentzia ez galtzen, nahiz eta taldean jende gehiago izan».

Taldeak sendotuta

MADDI_NOGUERA__YING_YANG__-1Taldea ere ekarpen interesgarria da Maddiren ibilbidean. Bakarlari aritu izan da, baita beste proiektu batzuetan ere. Beste bi ataundar —Xabi Etxeberria Pitxu eta Haritz Cid— eta alegiar bat —Julen Goikoetxea— ekarri ditu taldera. Bi Bala taldekoak, besteak beste. «Gertuko jendea da, bata bestearekin denok lagunak gara», dio Noguerak.

«Musikari ia denek bezala», bizitzari abestu diote Ying yang bildumako kantuetan. «Maitasunari, injustizia egoerei, gertatu zaizkidan gauzei, inguruan ikusitakoei… Letrak bakoitzak irakur ditzala, eta eman diezaiola bere interpretazioa».

Zuzeneko kontzertu batzuk emango dituzte, zehaztutakoan.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend