Josu Sarriegi: «Animatzen duena da zale ona, eta ez une oro txistuka aritzen dena»

Bihotzez Realzalea da Josu Sarriegi (Lazkao, 1979) futbolari ohia, baina bere ibilbide luzea Lazkaon, Beasainen, Alavesen, Eibarren, Atlheticen eta Panathinaikos taldeetan osatu du. 2012an futbola utzita, orain jostailuen munduan barneratu da­.
Josu Sarriegi gustura bizi da jaioterrian, Lazkaon.

Josu Sarriegi gustura bizi da jaioterrian, Lazkaon.

Mutiko txiki askok eta askok duten ametsa betetzeko aukera izan du Josu Sarriegi lazkaotarrak: futbolari profesionala izatea. Alavesek eman zion lehengo aukera eta Bilboko Athleticek bigarrena. Greziako Panathinaikos taldearekin egin zituen futbol ibilbideko azkeneko bost urteak.

Lau anaietan gazteena zara. Guztiak futbolean ibilitakoak dira maila batean edo bestean. Baloia besapean zenuela jaio zinela esan daiteke.
Bai, eta ez anaiengatik bakarrik. Gu pilotaleku parean bizi ginen eta beti kalean geunden jolasten erraketekin edo baloiekin. Beti zaharragoekin ibiltzen nintzen gainera.

Herrian bertan hasiko zinen.
Garai hartan ikastolan eskola kirolaren barruan hasten zen futbolean, zortzigarren mailara arte [gaur egungo DBH 2] eta gero Lazkaoko  taldean aritu nintzen, kadeteetan, jubeniletan, erregionalean… Hortik Beasainera joan nintzen; urtebete begin nuen han. Manex anaiarekin batera jokatu nuen urte hartan. Niretzako babes ona zen,  2. B maila zen eta urduritasun puntu bat edukitzen bainuen. Baina Manexekin joanda, erraza egin zitzaidan. Urte ona izan genuen.

Goierri utzi eta Gasteizera joan zienen 1999an.
Bai, eta hor hasi zen profesional inguruko bizitza. Lehenengo urtea bigarren taldean egon nintzen, eta bigarren urtean, lesio batzuk medio, aukera izan nuen lehenengo taldearekin jokatzeko eta lehenengo mailan debutatzeko.

Debuta ez zen nolanahikoa izan, UEFAko finalera iritsi zen Alaves.
2000-2001 denboraldia izan zen; futbol profesionalerako sarrera bete-betean izan zen. Hurrengo urtean berriz ere filialarekin aritu nintzen utzita, Eibarrera joan nintzen. Lesio larri bat izanagatik ondo joan zen Eibarreko urtea ere. 2003an Alaveseko lehenengo taldera itzuliko nintzela hitzartu genuen eta hala izan zen.

Espero zenuen futboletik bizitzeko aukera izatea? Ametsa beteko zenuen.
Ez da pentsatu ere! Ilusioa bai, eta nork ez! Ume guztien ilusioa izaten da hori. Baina koxkortzen zarenean badakizu hori ez dela gertatuko. Niri gertatu zitzaidan, baina oso-oso zaila da, zorte handia eduki behar da. Denetik eduki behar da pixka bat: baldintza batzuk, izateko era, zortea lesioekin, aukera eduki eta aprobetxatzen jakin… On-ona dena iritsiko da, baina badago beste jokalari mota bat: zu bezalako asko egoten dira, kriba egiten joaten da, baina atzean gelditu direnek igualeko baldintzak zituztenak… baina zortea behar da.

Partido de la Liga de f˙tbol en Primera DivisiÛn disputado en Mendizorrotza entre el AlavÈs y el Getafe, dirigido por el ·rbitro asturiano MuÒiz Fern·ndez y que ha terminado con el resultado de 3-4 (NenÈ -3, uno de penalti- y Gavil·n, Riki -2- y PernÌa). En la imagen, Sarriegi.

«Pilotalekuaren parean bizi ginen gu, eta kalean erraketarekin edo baloiarekin jolasean ibiltzen ginen beti»

«Bizitza erabat aldatu zitzaidan astebeteko tartean. Euskal Herritik atera gabe nengoen ordura arte»

Zuk ondo aprobetxatu duzu.
Lesio gogor bat izan nuen Eibarren nengoela, hernia bat izan nuen eta sei hilabete egon nintzen jokatu gabe. Gogorra izan zen: minaz gain, ikusten bainuen hasi beharrean nengoela, bestela, urte bete geldi egonda, atzera egiten da. Momentu hartan, itzulitakoan nahiko ondo aritu nintzen eta jarraitzeko aukera izan nuen.

Athletic etorri zen gero, 750.000 euro ordaintzeko prest.
Piterman bi-hiru urtean egon zen Alavesen. Lehenengo Mailara igo, jaitsi… ibili ginen. Alaves egoera ekonomiko txarrean gelditu zen, kudeaketa ekonomiko txarra egin zutelako. Bigarren Mailara jaitsi behar ginenean, nik aukera eduki nuen Lehenengo Mailan jarraitzeko Athleticekin eta Alavesek diru pixka bat lortzeko. Ikaragarria izan zen. Oso pozik nengoen  emandako jauziarekin, eta penarekin Alaves uzteagatik. Alavesekin eta Gasteizekin oso harreman ona daukat. Oso gustura ibili naiz.

Gipuzkoar bat Araban eta Bizkaian.
Bai, arraroa da. Eibarren ere jokatu dut, Alavesen eta Athleticen ere bai, Reala eta Osasuna falta izan zitzaizkidan. Baina ez da horrela egokitu eta kito. Realean ez dudala jokatu? Ez da ezer ere gertatzen.

Bilbon urtebete besterik ez zenuen egin. Jaitsiera gertu izan zuen urtea izan zen gainera. Nola gogoratzen duzu?
Oso ondo. Zentzu askotan oso urte polita izan zen, aberatsa izan zen. Batetik, denok euskaldunak ginen; eta bestetik, Bizkaian futbola eta Athletic sentitzen den bizitzea polita da. Gizarte oso bat dago hor. Bestalde, oso zaila izan zen, ia denboraldi osoa 15 jokalarirekin egon ginen, Yeste, Orbaiz, Gurpegi, Joseba Etxeberria lesioekin eta txartelekin zigortuta egon ziren. Jokalari gazteekin aritu ginen. Bigarren Mailara jaisteko arriskuan egon ginen. «Ez gara izango gu, Athletic Bigarren Mailara eramango duena ezta?», esaten genuen. Oso gogorra izan zen. Baina negatibitatetik ere ikasten eta azkenean salbatu genuen denboraldia.

Eta Greziako aukera iritsi zen. Euskal Herria utzi eta Greziara joateko erabakia hartzea erraza izan al zen?
Ez, oso zaila. Nik lau urteko kontratua neukan Athleticerekin, eta bigarren urte hasieran Caparros etorri zen. Iritsi bezain laster bagenekien jokalari askok ez genuela jokatuko. Aurredenboraldian, Herbehereetan geundela, Greziako Panathinaikos taldera joateko aukera iritsi zen. Denbora gutxi izan nuen pentsatu eta erabakitzeko. Gaur egun emaztea den neska lagunari deitu, anaiekin, gurasoekin hitz egin… Erabaki potoloa zen. Herbereheetako egonaldia bukatu baino bi egun lehenago alde egin nuen, Lazkaon beste bi egun egin, maletak egin eta Atenasera joan nintzen. Astebetean bizitza osoa aldatu zitzaidan. Ordura arte, Euskal Herritik atera gabe nengoen. Baina oso-oso ondo egon nintzen lehenengo egunetik. Herrialde eder batera joan nintzen, oso ondo tratatu ninduten, eta futbol arloan beste aukera batzuk eman zizkidan. UEFAn eta Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera izan nuen. Esperientzia ona eta oroitzapen onak ditugu.

Garai hartan izar asko joaten zen Greziako Ligara. Zu ere izar horietakoa zinen?
Ez, ni ez nintzen ezaguna eta lasai uzten ninduten. Diru asko mugitzen garai hartan Grezian eta gure taldean Gilberto Silva Brasilgo selekzioko kapitaina zegoen, Cisse frantziarra…

Erdiko atzelari postuan jokatu izan duzu. Ez da gol asko sartzeko postua, baina gol famatu bat sartu zenion, Mourinhoren Milango Interri.
Lehenengo itzulian oso gaizki ibili ginen eta bigarren itzulian Interri 0-1 irabazita, taldeko lehenengoak jarri ginen. Nik sartu nuen gol hura, 20 minutu falta zirela. Historian lehenengo aldiz irabazi zuen Panathinaikosek Italian, eta gainera Interren aurka! Figo, Cambiasso… jokalari internazional oso-oso garrantzitsuak. Atenasera iritsi ginenean izugarria izan zen. Oraindik ere gogoratzen dute nire gola greziarrek.

SarriegiGrezia«Jendeak, oraindik, eskerrak ematen dizkit Milango Interri sartutako golagatik. Izugarria izan zen greziarrentzat»

«Oraindik ez naiz joan Anoeta zelai berrira, baina Realaren zaleek baikorragoak izan behar dutela uste dut»

Harrezkeroztik itzuli zara Greziara?
Lehengo urtean familiako lauok joan ginen, eta jendeak oraindik eskerrik asko ematen dit Interri sartutako gol harengatik. Haientzat izugarria izan zen. Nik uste dut Panathinaikosen urterik onenak izan zirela, gero gainbehera hasi zen.

Harremana mantentzen duzu beraz Greziarekin.
Bai. Gure bi seme-alabak han jaiotakoak dira. Eta iaz itzuli ginenean han ibili ginen non bizi ginen eta erakusten. Gogoa geneukan itzultzeko, bost urte han bizita gero. Oso pozik ibili ginen, astebete pasatu genuen.

Futbola uzteko erabakia hartzea erraza izan al zen? 2012an utzi zenuen.
Hiru urte egin nituen eta beste bi urterako berritu zidaten. Bosgarren urtean, Greziako  ekonomiaren eta futbolaren gainbehera hasi zen. Klubetik ere ez zidaten inongo aukerarik eman eta etxera etortzea erabaki genuen. Hona etorri ginenean, Espainian ere krisi handia zegoen, eta futbol merkatua geldi zegoen. Bigarren Mailan aritzeko aukera eman zidaten baina familia  berriz hartu eta etxetik ateratzeak izugarrizko nagia eman zidan. Orduan uztea erabaki nuen. Ez nuen inongo arazorik eduki, bukatu egin zen eta beste bizi batekin hasi ginen.

Gaur egun badaukazu harremanik futbolarekin?
Bai eta ez. Orain dela urte batzuk Lazkaoko kadeteak entrenatzen aritu nintzen urtebetez, eta bitartean lehenengo bi tituluak atera nituen. Iaz, Zubietan aritu nintzen ohorezko kadeteen entrenatzaile moduan. Oso gustura egon nintzen, asko ikasi nuen, baina familiarekin egoteko ez da oso ondo uztartzen. Uzteko erabakia hartu nuen.

Realera iritsi zinen azkenean!
Bai! Realeko partaide ere izan naiz, ez zaletu bezala bakarrik.

Gustatuko litzaizuke entrenatzaile izatea?
Ez. Nik badakit zer den futbol mundu hori. Astebukaera guztiak okupatuta… bizi hori eduki dut eta orain ez dut hori nahi. Ez daukat familiarekin bueltaka ibiltzeko gogorik. Nik uste dut, familiarentzako tokirik onena Lazkao dela.

Reala ikustera joaten zara?
Bai, gustatzen zait, Realzalea izan naiz beti.

Zelai berria ikusi duzu? Zer iruditzen zaizu?
Ez, oraindik ez naiz joan. Nik uste dut Realeko zaleek baikorragoak izan behar dutela, eta daukanarekin gozatu, eta animatu. Nik beti esaten dut: nahiago dut Realak 25 jokalarietatik 18 harrobikoak izatea eta besteak, bereziagoak direnak, harrobian lortu ez dena ekartzea. Horrelako Reala nahiko nuke, nahiz eta 15. postuan ibili; niri beste poz bat ematen dit horrek. Nik uste dut realzale asko dagoela Txapeldunen Ligari begira, berdin dio zein jokalarirekin… Eta estadiora joaten zarenean, giro hori dago, ez animatzekoa, negatiboa, txistu egitekoa… eta horrek amorrazioa ematen dit. Ez zait gustatzen jende askoren jarrera. Badakit zaletasun handia dagoela, baina afizio ona, estadioan animatzen duena da, eta ez une oro txistuka aritzen dena. Futbolean ere, gizartean dagoen errespetu berdina eduki behar da eta futbol mailan ez da hori gertatzen, eta kirol mailan orokorrean ere ez. Tristea da.

Greziarekin beste lotura bat ere badaukazu: Lazkaon daukazuen jostailu dendari Koboloi izena jarri diozue.
Nahi genuen loturatxo bat edukitzea. Errosario antzeko bat da koboloi, batez ere helduek edukitzen dute eskuetan, eta estresaren aurkakoa bezalakoa da. Izen hori hartu dugu, K horrekin euskarari ere keinu egiten dio.

Jostailuen munduan barneratu zara beraz.
Futbola utzitakoan zer egingo nuen galdetzen nion beti nire buruari. Lokaltxo bat bageneukan erosita Lazkaon eta negozioren bat irekitzea pentsatzen genuen. Garai hartan, umeak txikiak ziren eta jostailu berezixeagoak nahi izaten genituenez, Donostiara joaten ginen. Egun batean esan genuen: eta jostailu denda bat? Informazioa eskatzen hasi ginen hornitzaileekin, pausoa eman genuen eta hemen gaude hiru urtean. Gustura gaude, nik uste dut erronka polita dela. Oso mundu polita da.

MOTZEAN

Txikitako idoloa?
Txiki Begiristain.
Oraingoa?
Ez daukat bat, baina umilak, errespetua transmititzen dutenak… Xabi Alonso, Illarramendi, Markel, Iraola, Gurpegi…
Inoiz ahaztuko ez duzun partida?
­Berezi asko daude, baina bereziki Milanen Interren aurka jokatutakoa.
Futbol zelai bat.
Bernabeu, San Siro.
Entrenatzaile bat.
Ernesto Valverde. Ez naiz berarekin egon, arerio bezala eduki dut. Baina azkarra da, pertsona ona da, errespetua dauka, inoiz ez dut hitz bestea baino altuago esango… horrelakoak gustatzen zaizkit.
Markatzea gehien kostatu zaizun jokalaria?
Askotan galdetu didate eta ez dakit, asko! Normalean denekin pasatzen nuen gaizki, baina aldi berean asko gozatu ere bai noski. Ronaldinho oso momentu onean zegoen.
Futbolak eman dizuna?
Futbolak bizitza osoa markatu dit. Beti futbolari ohia izango naiz.
Futbolak kendu dizuna?
Momentu jakin batzuk.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend