Indarkeria sexistaren aurkako Mataza proiektua jarri du abian Ordiziako Udalak. Herritarrek ehundutako pusketa guztiak elkartuta, bufanda erraldoi bat egitea izango da helburua
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako kanpainaren testuinguruan,
Matazak indarkeria sexistaren aurka proiektuarekin bat egin du Ordiziak. Hori dela eta, datorren ostiralean, hilak 19, udaletxeko arkupeetan herritarrek elkarrekin ehuntzeko deialdia egin dute. Horren berri eman zuten atzo Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak, Kristina Altuna Berdintasun teknikariak eta Naiara Azkona Urdaneta ikastetxeko ordezkariak.
Ordizian lehenengo aldiz egingo badute ere, badira urte batzuk Mataza proiektua Astigarragan abian jarri zutela. Emakume talde bat puntua egiten hasi zen eta eguneroko ekintza honetatik abiatuta, indarkeria sexista errotik ezabatzea aldarrikatzeko modua aurkitu zuten. Eta orain, mundu osoan zehar ari da zabaltzen proiektua, «Nahikoa da!» oihua bazter guztietara iritsiz.
Egitasmo honekin bat egin nahi duen orok, izena eman beharko du
berdintasuna@ordizia.eus epostara idatzita edo 943 80 56 10 telefonora deituta.
Bufanda erraldoia
Ordiziar guztien artean bufanda erraldoia osatzea da helburua. Emakume, gizon, gazte zein helduek, bakoitzak pieza bat egingo du eta ondoren, pusketa guztiak elkartuko dituzte. Bufanda osatuko duen zati bakoitzak falta diren emakumeak islatuko ditu. Aldi berean, emakumeek jasaten duten indarkeria sexistari buruzko hausnarketa egiteko ere balioko du ehuntzen ari diren bitartean.
Bufandak 30 zentimetroko zabalera izan behar du; puntuz edo kakorratzez egindakoa izan behar da eta bakoitzak nahi dituen koloreak erabili ditzake.
Ordiziako herritarrek ehundutako metroak neurtuko dituzte. Baina ez da horretan geldituko, izan ere, bufanda erraldoia osatuta, Gipuzkoako beste herri batzuetan egindako beste bufandekin elkartuko dute abenduan.
Eragileen parte hartzea
Ordiziako Berdintasun sailekoek Hiri Hezitzaile Gunean aurkeztu zuten kanpaina eta dagoeneko hainbat eragilek babesa eman diote. Horien artean daude herriko ikastetxeak, Kimetz elkartea, Zuhaizti elkarteko kideak, Garagunekoak eta baita Dar-Dar produkzioetakoak ere.