Lazkaotar guztiei hiru ekitalditan parte hartzeko deia egin die Lazkaon elkarteak. Lazkao Txikiren txiste, kantu edo ipuin bat oholtzan plazaratuko dituzte. Opari bonuak banatuko dituzte
Lazkaon merkatari elkarteak eta Lazkaoko Udalak ostiralean hasiko dute udazkeneko merkataritza sustapen kanpaina, hirugarren urtez. Kulturarekin ezkonduko dute aurten. Joxe Migel Iztueta
Lazkao Txiki hil zela 25 urte bete diren urte honetan, bertsolariaren figura hartu dute ardatz. Horrez gain, hari eskainitako hiru ekitaldi gauzatuko dituzte, datorren hamabostaldian
Lazkao Txiki, kontu kantari ekimenean, edozein lazkaotarrak parte hartu ahalko du. Lazkao Txikiren bertso, ipuin, pasadizo edo txisteak kontatzeko edo antzezteko gonbidapena da, azken batean. Parte hartzaileek aurretik prestatu behar dute euren emanaldia, eta oholtzan egingo dute gero.
Bakarka, binaka edo gehienez zortziko taldeetan parte har liteke. Haurrentzat bezala, helduentzat ere irekia da. Eta haurren laguntzaile, gurasoak eta aitona-amonak ere irten litezke: «Lazkao Txikiren pasadizoak kontatuz, bertsolaria ezagutu ez duten gaztetxoei bere figuraren igorpen hurbilagoa lortzeko».
Hiru emanaldi izango dira: ostiralean plazan, urriaren 26an Jose Lasa Kaleko parkean, eta urriaren 31n Lazkao Txiki Plazan. Hiru ekitaldiak 17:00etan hasiko dira, eta
Goazen telesaileko Inma Fernandez aktoreak aurkeztu eta dinamizatuko ditu.
Mila euro saritan
Deialdia udalak eta Lazkaon elkarteak egin badute ere, San Benito Ikastolak, Lazkao Txiki Musika Eskolak eta Goierriko Bertsozale Elkarteak elkarlanean jardungo dute. Euren ikasleen artean ere sustatu dute partaidetza, esate baterako.
Izena eman behar da parte hartzeko, Lazkaoko tabernetan eta dendetan. Orria bete, eta kutxetan bota behar da.
Trukean, partaide bakoitzak ekimenerako espreski atera duten kamiseta bat jasoko du opari. Bestetik, Lazkaoko komertzioetan gastatzeko erosketa bonuak ere zozkatuko dituzte. Denera, 1.000 euroko baliodun txekeak banatuko dituzte. Herriko 71 establezimenduk parte hartu dute sustapenean.
«Kanpainaren helburua, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzea da, herria girotuz eta kalea animatuz. Udalaren helburu nagusietako bat sektore hori indartzea da, urteko garai ezberdinetan», azaldu du Iñaki Estensoro zinegotziak.
Udazkeneko feria, bestetik, ostiralean burutuko da, Lazkaoko plazako frontoian. Lazkaon elkarteko bazkide diren dendek eta zerbitzuek euren produktuak eta salgaiak jarriko dituzte ikusgai eta salgai.