Legazpiko 120tik gora onddo
Aranzadi elkarteak Legazpiko Asteburu Mikologikoan sailkatu dituen espezie kopurua da. Udalerriko inguruetan jaso dituzte den-denak. 25. aldiz egin dute asteburuaAurreko astean Beti Gazte Animakzio elkarteko kide Igor Iñurritegiri Asteburu Mikologikoa...
Aranzadi elkarteak Legazpiko Asteburu Mikologikoan sailkatu dituen espezie kopurua da. Udalerriko inguruetan jaso dituzte den-denak. 25. aldiz egin dute asteburua
Aurreko astean Beti Gazte Animakzio elkarteko kide Igor Iñurritegiri Asteburu Mikologikoari buruzko galderak egitean, Aranzadi elkarteak ehun espezie inguru sailkatu eta erakutsiko zituenaren aurreikuspena zuen. Behin asteburua pasata, 120 baino espezie gehiago sailkatu dituztela esan du Iñurritegik, eta denak Legazpiko inguruetan bildu dituztela. Espezie horietan guztietan gehienak onddoak izan direla erantsi du, hala ere, adierazi duenez, «onddo eta perretxiko gutxi dago gure basoetan». Orain gehiagora joango direnaren informazioa zabaldu dute asteburuan albistegietan eta Iñurritegik ironiaz esan du, «orain izango da zeren orain arte ez baita askorik egon».Edonola ere, asteburua «ongi» joan dela dio. Onddoz betetako saskiak ardatz, bi lehiaketa egin dituzte; bietan saskietako pisua asmatu beharra zegoen. Larunbateko irabazlea Olatz Beiztegi izan zen, eta herenegungoa Josu Sanchez de Nanklares. Saski batek lau kilo inguru pisatzen zuen eta besteak bost kilotik gora.
Onddo eta perretxiko gutxi zegoela-eta, batez ere, txanpiñoiak zein niskaloak banatu zituzten dastaketan. Errioxako enpresa batek ekoitzitako labore-txanpiñoiak eta perretxikoak izan ziren.
Aurten egun bi
Herenegun egin zuten haurren marrazki lehiaketa. Lehiaketa izena eman zioten arren, zozketa bidez aukeratu zuten irabazlea: Ane Etxeberria. Saria onddo eta perretxikoz betetako saski txiki bat izan zen.
Aurtengo Asteburu Mikologikoa Legazpin egiten den 25.a da. Ez da 25 urtetan jarraian egin, baina Beti Gaztekoek egindako kalkuluen arabera, etenak eten, 25 aldiz egin da. Aurretik Lekanazpi elkarteak antolatu du eta orain zazpi bat urte Beti Gazte elkartekoek hartu zieten lekukoa. Aitzitik, Lekanazpiko kideak bidelagun izan dituzte antolaketan, eta oraingoan ere, hango bazkideak irten dira Legazpiko basoetara onddo eta perretxiko bila.
Iñurrategik esan du «gustura» daudela jendearen parte hartzearekin. «Ekitaldi nagusiak larunbatean egin izanak zapore ona utzi digu. Beharbada igandean agertzen zena baino jende pixka bat gutxiago ibili da, baina lan berbera eginda, bi egunez ekintzak egon dira eta Legazpi girotu dugu».