Koldobike Olabide alkatea Madrilen bildu da Adifeko lehendakari Isabel Pardorekin. Bien bitartean, arriskuak saihesteko behin-behineko lanak amaitzear daude
«Behin-behineko lanak amaitzear daude eta behin betiko geltokia egiteko proiektua aurrera doa». Hala esan du Koldobike Olabide alkateak Isabel Pardo Adifeko lehendakariarekin bildu ondoren. Aste honetan bukatutzat emango dituzte geltokiaren arriskuak saihesteko behin-behineko lanak, eta geltoki berriko behin betiko proiektua 2019ko ekainean hasiko direnaren konpromisoarekin bueltatu da Olabide Madrildik.
Behin-behineko lanen zati bat Adifek hartu du bere gain; geltokitik hasita, Legazpira doan zatia, hain zuzen ere. Gainontzekoa, Legazpiko Udalaren gain egon da. Espaloia egin dute zuzenean nasaren beste aldera joateko eta zebra-bidea margotu dute. Hilerrira doan zubia, orain pasabide bihurtua, errepideetan jartzen diren plaka zuriekin estaltzen hasi ziren atzo. Nasaren irteeran baranda bat ere jarri du udalak. Egunotan, halaber, nasa batetik bestera gurutzatzeko bideak kenduko dituzte, eta Donostia aldetik datozenek, zubitik irten beharko dute aurrerantzean; irteera hori, behin-behinekoa izango da. Zubia estaltzeko lanak ere egin dituzte, pasabidea hezetasunetik babesteko.
Behin-behineko lan horien aurrekontua 145.000 euro ingurukoa izan da. Adifek 100.000 bat euro jarri ditu eta udalak 45.000 inguru.
Behin betiko lanen aurrekontua handiagoa da: 2,5 milioi euro inbertituko ditu Adifek. Geltoki berriaren eraikuntza lanen ardatza, trenbide azpitik gurutzatuko duen pasabidea izango da. Eraikuntza lana «ikusgarria» izango dela azaldu du Olabidek, «tunela kanpoan eraiki eta gero lurrean» sartuko dutelako. Hala eginda, lanak bukatu artean ez dute trenen zirkulazioa etengo.
Behin-behineko lanek «geltokiak izan duen arriskua ekiditen» duela uste du alkateak. «Gero, behin-behineko proiektua dela medio, Legazpik geltoki txukun bat izango du, gure udalerriari dagokion bezala». Proiektua 2015ean hasitako lanketa baten emaitza dela ere gehitu du alkateak eta eskerrak eman dizkio EAJko Maria Eugenia Iparragirre senatariari, Adifekin egindako bitartekari lanagatik.
Beasainen, hiri egituran intregratzeko eskaria
Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea ere bildu da Isabel Pardo Adifeko lehendakariarekin. Burdinbide gunea Beasaingo hiri-egituran txertatzeko beharra azaldu zion Aldasorok, herriaren hazkunderako erabakigarria jotzen baitute. Proiektu bat aurkeztu dio Pardori, eremua Adifena baita. Geltokiko igogailua konpontzeko eskatu dio, eta baita Zaldizurretako bizilagunentzat trenaren zaratak ekiditeko pantailak jartzeko baimena ere.