San Martin auzoan hasi eta bukatuko da, eta San Gregorion zehar, Aiaraino joan-etorria egingo dute korrikalariek. 38. ekitaldia du korrika-krosak. Haurren proba ere izango da tartean, kalean
Udazkeneko Goierriko lasterketa luzeena, Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldia, igandean jokatuko da. Klasiko bihurtua da aspalditik, eta 38. ekitaldia izango du aurten.
Mantza zenaren omenezkoa da. Ataun Kirol Elkarteko atletismo sailak antolatuta, ohiko ibilbidea, distantzia eta ezaugarriak izango ditu.
Korrikalariek 17,3 kilometro luzeko ibilbidea egin beharko dute. Sasoi puntu ona eskatzen du, San Martin auzotik San Gregorion barrena Kaxetara arte gorantz jotzen baitu une oro. Han, Aiako plazaraino igoera aldapatsua izango dute. Bigarren erdia, joandako bidetik itzultzea da.
Karrera igandean 11:00etan hasiko da, eta bi orduan bukatu beharrekoa da. Izena Interneten eman liteke aurrez; egunean bertan, 10:00etatik aurrera ere bai, San Martingo plazan.
Errekorra ontzearen saria
Helduen krosa irten ondoren, haurrentzako lasterketatxoa egingo dute, San Martinen bertan. Aurten ez dute ezinduentzat deialdirik egin, iaz ez baitzuen erantzun handirik izan.
Hiru Auzoetako Korrikaldian sari ugari jarri dituzte. Sailkapen nagusikoak, herritarrenak eta beteranoenak. Horiez gain, denbora marka ontzen duenari, 300 euroko saria emango diote. Gizonetan 54:10 ordukoa da, emakumezkoetan 1:06:00 ordukoa.
Dutxa zerbitzua Auzoeta kiroldegian egongo da. 300 korrikalari onartuko dituzte, gehienez, lasterketan.
Zirkulazioan eragina
Korrikaldiaren garairako, errepidean atletak ibiliko direnez, ahal den neurrian ibilgailuekin ez pasatzeko eskatu du Ataungo Udalak. San Martinen, atzeko kaletik jarriko dute zirkulazioa, plaza itxita. Autobusak ere Altzanipe aurrean geldituko dira.