Zaldibiako kultur etxe eta eskola zaharrak izandako eraikina botatzen hasi dira

Eraikin txikia eraitsi dute, eta udaletxe alboko handia datorren astean botako dute. 1957an eskola izateko eraiki zuten. Orube horretan udaletxe berria altxatzen 2019 hasieran hasi nahi dute

Zaldibiako udaletxe berria eraiki, eta plaza ingurua berrantolatzeko proiektua aste honetan hasi da egikaritzen. Kultur etxe zaharra botatzea izan da lehenengo pausoa, egitasmoari jarraituz. Mugertza enpresakoak astelehenean hasi ziren botatzeko prestatzen, eta astearte goizean ekin zion hondeamakina batek eraikin txikia suntsitzeari. Aste honetako hiru lanegunetan gauzatu dute zeregin hori.

Kultur etxe zaharraren eraikin nagusia, udaletxearen alboan dagoena, datorren astean lurreratuko dute. Bost egunen buruan, historia izango da erabat.

Eraisketa eta hondakin garbiketa lana lehiaketara 51.000 euroan atera zuen Zaldibiako Udalak. Hutsik geratu zen, eta prozedura negoziatu bidez, herriko Mugertza enpresak hartu zuen azkenean bere gain, 47.000 euro pasako aurrekontuarekin.

Udaletxea egiten hasi

Lau asteko epean, orubea «zero kotan» eta zorua prestatuta utziko dute, eraiste lanen ondoren. Kultur etxe zaharraren orubean, Zaldibiako udaletxea eraikiko dute. Udalak urriaren 23ko osoko bilkuran onartu zituen esleipen txostena eta baldintzen plegua. Azaroaren 30era arteko epea daukate eraikitzaileek eskaintzak aurkezteko.

Udaletxe berriaren obrak 1.349.842,33 euroko aurrekontua du, BEZa ere kontuan hartuta. Abenduan zehar eraikitzailea aukeratzea eta obrak esleitzea da udalaren asmoa, eta 2019ko urtarrilean lanei ekitea.

Eskola eta kultur etxe izana

Orain botako duten eraikina eskola izateko altxatu zuten. Udalak 1951n onartu zuen lehen proiektua, Evaristo Lasa alkate zela. Baina dezente atzeratu zen, Espainiako Gobernuak diru laguntzarik ez zuelako ematen. Proiektua Luis Alustiza arkitekto donostiarrak egin zuen. Bost gela eta liburutegia zituen. Aldi berean, udaletxeko 3. solairua ere eraiki zuten, irakasleen etxebizitzatarako. Azken 1955eko maiatzean onartu zuen udalak. 1957an bukatu zen, 724.089 pezeta (4.351 euro) kosta zen dena.

Artxanberriko lokaletara aldatu dituzte zerbitzuak

Kultur etxe zaharra deritzon eraikina berritzen 1985ean hasi ziren. Kulturarako azpiegitura sortu zuten, L formako eraikina kalexka batekin bereizita. Han zeuden zerbitzuak Artxanberri kaleko 1 eta 2 atarien artean udalak dauzkan lokaletara aldatu dituzte, auzolanean. Martxan daude, baita posta bulegoa ere. Ateak falta dira, bukatu eta inauguratzeko.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend