George Moala All Black ohia Ordizia Rugbykoekin izan da entrenatzen
Bi egunetan entrenatu du klubeko gaztetxoekin eta «taldeko bat gehiago bezala aritu da». Ampo Ordiziak Cisnerosen aurka jokatuko du asteburuan, Altamirako zelaianMaila goren-goreneko entrenamendua burutu dute egunotan Ordizia Rugby Elkarteko gazteek,...
Bi egunetan entrenatu du klubeko gaztetxoekin eta «taldeko bat gehiago bezala aritu da». Ampo Ordiziak Cisnerosen aurka jokatuko du asteburuan, Altamirako zelaian
Maila goren-goreneko entrenamendua burutu dute egunotan Ordizia Rugby Elkarteko gazteek, George Moala, Zelanda Berriko All Blacks selekzioko jokalaria izandakoa, Altamiran izan baita. Moala, Frantziako Top 14ko Clermont taldean ari da orain eta Ordiziako jokalarientzat «gehiago ikasteko aparteko aukera» izan da egunotakoa.Pasa den denboraldiaz geroztik Ordizia Rugby Elkarteko Ohorezko Mailako taldean ari den Siosiua Moalaren anaia da George, eta familiari bisita egitera etorri dela aprobetxatuz, entrenamendu saioak antolatu dituzte.
Asteazken arratsaldean, 10 eta 14 urtez azpiko jokalariekin aritu zen. Patxi Garmendia entrenatzaileak adierazi duenez, «taldeko bat gehiago izango balitz bezala aritu zen». Gaztetxoek adi-adi entzun zituzten Moalak esandako guztiak. Hainbat jokaldi eta taktika entrenatzen aritu ziren eta «Moalak berak ere parte hartu zuen mutikoen taldeetan integratatuta». Horrez gain, jokalari gazteek egindako galdera guztiei erantzun zien.
Garmendiak «oso positibotzat» jo du esperientzia. «Jokalariak asko motibatu» baitzituen.
Asteazkenekoaz gain, atzo ere Altamirara gerturatu zen George Moala, 18 urte azpikoen entrenamendu saioan parte hartzeko. Gainera, hainbat jokalarirekin hizketaldiak izan ditu.
Ohorezko maila
Heineken Ligako zortzigarren jardunaldiari egin beharko diote aurre Ampo Ordiziako mutilek. Orango honetan, Complutense Cisneros izango dute aurrez aurre. Altamiran jokatuko dute igandean, 12:00etatik aurrera. Sailkapen nagusian bosgarren postuan dago Ampo eta azkeneko postuan dago Cisneros. Hori horrela, partida irabazteko aukera handiak izan ditzakeela auerrikus daiteke.