Alsazian (Frantzia) bilera egin berri du Europako Inertzia Kirolen Federazioak eta han izan da Legazpiko Maldan Behera elkarteko Julen Agirreburualde. Proba apirilaren 20an eta 21ean izango da
Inertzia kiroletako Europa mailako probak egiten direla 37 urte dira eta 2019an bost urte beteko dira Legazpin Maldan Behera kirol bereko elkartea sortu zutela, «hori ospatzeko Legazpin nazioarteko proba bat jokatzea egokia litzatekeela pentsatu genuen eta Alsazian hautagaitza aurkeztu genuen». Alsazian egin berri dute Europako Inertzia Kirolen Federazioaren bilkura, han eman diete baiezkoa.
«Onartu soilik ez, pozik agertu dira Europako Federazioko kideak», dio bilera hartan parte hartu zuen Agirreburualde legazpiarrak. «Sekula ez da halako probarik egin Pirinioetatik behera», erantsi du.
Legazpiko Udalarekin hitz egin zuten eta proiektu bat sortu. Probaren data federazioak jarri du. Apirilaren 20an eta 21ean izango da, «akaso antolatzeko ez dira datarik onenak Aste Santua baita, baina seguru gaude jendea ez dela faltako». Dagoeneko Italiako, Belgikako eta Suitzako goitibehera lasterkariek parte hartuko dutela adierazi diete Maldan Beherakoei.
Lasterketa Aztiriko malda osoan egingo dutela iragarri du Agirreburualdek, baita kanpaleku bat jarri beharko dutela antolaketa lan guztiak bertatik bertara egin ahal izateko ere. «Proba profesional baten formatua emango diogu, ez du betiko jai giroarekin zerikusirik izango».