Iragarritako egitaraua egun bat aurreratuta, astelehenean hasi zen Lazkaoko Gazte Festen ekitaldi sorta. Gazte Asanbladak aste guztirako antolatu ditu hitzaldi, bertso-afari, tailer eta kontzertuak. Larunbatean bukatuko da. Txosna gaur muntatuko dute, ...
Iragarritako egitaraua egun bat aurreratuta, astelehenean hasi zen Lazkaoko Gazte Festen ekitaldi sorta. Gazte Asanbladak aste guztirako antolatu ditu hitzaldi, bertso-afari, tailer eta kontzertuak. Larunbatean bukatuko da. Txosna gaur muntatuko dute, eta igandean kendu.
Herenegun, Emagin talde feministak ekonomia feministaz hitzaldia egin zuen, Gerriko elkartean. Gaur, Maider Urretabizkaiarekin pintura tailerra egingo dute (18:00).
Pintxo-poteo eguna bihar izaki, jai giroko bi hitzordu jarri dituzte: triki-poteoa, plazatik 19:00etan hasita; eta bertso afaria (21:00). German Urteaga, Maialen Akizu eta Aratz Igartzabal ariko dira bertsotan. Izena Antsoategin eman behar da.
Kontzertuak asteburuan
Ostiralean, iluntzean berrekingo diete Gazte Festei. Taloak jateko aukera izango da, plazan, 19:00etatik aurrera. Euskal presoen aldeko elkarretaratzea (20:00) eta kontzertuak (22:30) daude gero: Parrazta Punk, Azken Sustraiak eta Bake Faltsua taldeek joko dute.
Larunbatean, egun osorako egitaraua eta festa jarri dute. Areto futbol txapelketako finala jokatuko dute, 11:00etan. Gazte bazkariarekin jarraituko dute 14:30ean (txartelak tabernetan salgai). Arratsean, batukada feminista egingo dute (18:30). Gauean, beste hiru taldek joko dute (22:30): The Potes, Arkada Social eta Hemengattun.
Autobus zerbitzu berezia
Lazkaoko Gazte Festak direla eta, LurraldeBusek zerbitzu berezia jarriko du, larunbat gauerako. Idiazabal, Segura eta Zegama aldera; Beasain, Ordizia eta Zaldibiara; Ormaiztegi, Ezkio eta Zumarragara; eta Ataunera aterako dira autobusak.