Gizarte Foroan alkohol eta droga kontsumoa izango dira hizpideak
Gizarte Foroa egingo dute bihar Legazpiko udaletxeko batzar aretoan, 18:30etik 20:00etara. Foroaren bigarren saioa da etzikoa eta alkohol eta drogen kontsumoa nerabezaroan izango da biltzarreko mintzagai nagusia. Legazpin gaiaren inguruko egoera zein d...
Ekainean foroaren lehenengo bilera egin zutenean, Legazpiko Gizarte Zerbitzuen 2018-2022 Plan estrategikoa ezagutzera eman zuten eta lehentasuna zuten ekintzak aukeratu zituzten.
Lehentasun horietako bat izan zen nerabeek alkoholaren eta bestelako drogen kontsumora duten sarbidea eta kontsumo bera lantzearen beharra eta, bide batez, prebentzioa lantzearen beharra. Gizarte Foroaren lehenengo bileran agertutako kezka horri jarraiki, etziko bilerak gaiari helduko dio zuzenean.
Mateos aditua bertan
Hasteko, nerabezaroan suertatzen den alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoari buruz hitz egiten denean zehazki zertaz ari diren aztertuko dute. Bidenabar, gaiari lotutako Legazpiko egungo egoera zein den deskribatuko dute. Azkenik, prebentzioaren esparruan egin daitekeenaz arituko dira, baita prebentzioa lantzeko dauden ikuspuntu ezberdinez ere.
Agipad Drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako gipuzkoar elkarteko Pakita Mateos adituak parte hartuko du foroaren bileran.