Beasain Kirol Elkarteko maila guztietako ia 400 futbolariek, teknikoek eta entrenatzaileek osatuko dute bilduma. Taldearen historia ere jaso dute. Euro batean salduko dituzte kromo zorroak
2013an egin zuen bezala, Beasain Kirol Elkarteak maila guztietako eta futbol eskolako futbolarien argazkien kromo bilduma osatu du Galiziako Cromogal enpresarekin. Beasain taldea osatzen duten maila guztietako ia 400 futbolariek, teknikoek eta entrenatzaileek izango dute argazkia. Bi helburu izango ditu bildumak: futbolari profesionalen gisa, herriko futbolariak protagonista izatea eta taldearentzat etekin ekonomikoa lortzea.
Abenduaren 14tik aurrera jarriko dituzte bost kromoko zorroak salgai, euro batean. Jon Aranburu egunkari saltzailearenean, Kale Nagusiko Urteaga estankoan, Igartzako futbol zelaiko tabernan eta Xerbera tabernan erosi ahalko dira. Lehe- nengo egunetan sustapen berezia izango da: 20 euroan 22 zorro, errepikaturiko kromorik gabe.
Belaunaldi desberdinetako herritarrak erakartzearren, argazki zaharrak eta taldearen historia ere azaltzen dira. Bukaerako orrian,
Joko Garbia atalean, «Zelaian duzun onena eman, baita zelaitik kanpo ere» edo «Irabazteko jokatu, baina galtzen ere ikasi» bezalako mezu positiboak dituzten kromoak itsatsi beharko dira.
Kromo bilduma osoa bukatzen dutenek saria izango dute: A3 neurriko argazkiaren posterra. Horrez gain, Play Station 4, Hoverboard eta telebista baten zozketan sartuko dira. Sari zuzenak dituzten kromoak ere izango dira tartean; baloiak, poltsak, erlojuak eta motxilak oparituko dituzte.