Saltzaileek nabaritzen dute datozen jai egunetarako jendearen joera; kanpora joango dira batzuk eta ostiraletan egin ohi den azokan barazki salmentarik ez dute egingo
Abenduko lehen ferian eguraldi ederra izan dugu. Udazken onaren seinale dute sal mahaietako gainek; negutegirik gabe ere ongi etortzen diren aza, azalore, porru, zerba (zuri eta gorri), ziazerba, borraja, erremolatxa, azenarioa, kuia, eskarola… eder eta erakargarri ikusten dira. Azken tomate eta piper dezente ere badaude oraindik, negutegikoak. Eta hemendik aurrera ikusiko ditugun kuiatxo, leka eta zenbait azenario, kanpotik inguratutakoak dira.
Fruituetan sagarra nagusi, eta atzo sagar zukua ekartzen hasi zen Gabiriako Oñatibi Txikiko Miren Agirrezabala, litroko botiletan, 4 euroan bakoitza. Kiwiak ere badira, 3 euroan kiloa, eta mizpirak oraintxe daude jateko punttu-punttuan.
Onddo garaia aurrera doa, eta kanpokoa ere gutxitzen ari dela aipatzen zuen Lasak. Mendiko angulek eta tripaki edota katu mingaina esanez ezagutzen diren gamuzek –
Hydnum repandum– osatzen zuten atzoko eskaintza onddoekin batera.
Arkumea aste honetan ere 4 euroan da kiloa, bizirik pisatuta. Artzainak hasi dira emagin lanetan, Gabonetarako askok ia kenduko baitituzte eta gazta egiteari ekin.
Eguberritako zantzuak, bestalde, ugaritzen ari dira. Erratz adarrak ekarri zituen Edurne Jauregi Baliarraingo Irabiazpikoak, baita Altzagako Arantxa Lopetegik ere. Eta atzo, poinsetia loreen aukera nabarmen handitu zen kolore eta kopuruari dagokionez; gorriez gain, horiak, laranjak, arrosak…
Bezero finak zain
Eskaintza mugatua izaten du «aspalditik, txikitatik» azokara etortzen den Maribi Aranburu Olaberriko Aranguren Azpi baserrikoak, baina oso estimatua: arrautzak eta eskuz egindako behi gazta txikiak, «intxaurrak ere bai, baina aurten urte txarra da eta hori ere ez». Etxean behi pare bat dute eta haien esnearekin ahizpa eta bien artean eskuz egindako gazta txikiak saltzen ditu (6 euroan kiloa). Hala eskatuta, gatzik gabe ere egiten ditu gazta batzuk erosle jakinentzat. Goizean 08:30a aldera noiz etorriko den zain izaten ditu bezeroak. Erosi nahi izanez gero, aste batetik bestera enkargatzea komeni.
Azkenik, aipatu ostiral arratsaldetan egiten den azokan aste honetan ez dela barazki saltzailerik etorriko, ez Azkoitiko Uzin ezta Arantxa Zurutuza ere, azken honek adierazi digunez. Aldiz, Costa laranjak erosi ahal izango dira.