Larunbatean Korosti parkea itxi egin zuten eta arratsaldeko txandako suhiltzaileek beste parke batzuetako lan txandak osatu zituzten. Lau suhiltzaile dago txanda bakoitzeko
Joan den larunbatean, Korosti Legazpiko suhiltzaile parkean arratsaldeko txandan lan egitera zihoazen lau suhiltzaileek nagusiaren agindu zuzena jaso zuten: batek Eibarko parkera eta besteak Zarauzko parkera joan behar zuten; biek hango lan txandak osatu behar zituzten. Beste bietatik batek Ordiziako parkera joan behar zuen eta beste batek Oñatikora. Korosti parketik adierazi dutenez, «Legazpiko parketik hurbilen daudenak dira eta hango lan taldeen errefortzu izan dira lankideak». Mugimendu horien guztien emaitza izan zen Korosti parkea itxi zutela. Itxiera salatu nahi izan dute bertako langileek, baita dagoen suhiltzaile falta ere.
Gipuzkoako suhiltzaileen lan baldintzen egoeraren soka, alabaina, luzea da. 2007ra arte lanez kanpo lokalizatuta egon behar zuten eta ordu asko metatu zituzten hala lan eginda. Orduan, Legazpin lanean ari diren suhiltzaileek azaldu dutenez, «gure soldatak %15 jaisteko prest egon ginen pertsona bat gehiago kontratatu zezaten». Parkeko hiru suhiltzaile egotetik laura pasa ziren 2010ean.
Beste arazo bat nabarmendu dute, hain zuzen, Gipuzkoako suhiltzaileen %30ek bitarteko lan kontratuak dituztela, «urteetan parke batean egon arren, bertan plaza ateratzeko aukerarik ez dutenez, joan egiten dira».
Gerora, suhiltzaileek euren sakelakoaren zenbakia eman zioten Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazioa sailari, «guk hitzartu genuena izan zen gertaera larrietarako deituko gintuztela, izan ere, aldundiari halakoetarako ordu batzuk eman behar dizkiogu. Kontua da orain aurreikusi daitezkeen lankideen bajak kubritzeko deitzen digutela, eta hori ez da haiekin hitzartu genuena». Larrialdiak edozein unetan gerta daitezkeela eta euren lankideak «laguntzera joateko gure prestutasuna erabatekoa da», erantsi dute.
Finean, aldundiak suhiltzaileen parkeetan ezarritako gutxieneko txanda ez dela nahikoa adierazi dute, «edozer gertatuz gero atera behar bagara, lau suhiltzaile oso gutxi gara».
Gipuzkoa 20/30
Korosti parkeko suhiltzaileek Imanol Lasa diputatua buru duen aldundiko sailak aurkeztu duen plangintzaren berri daukate, «Gipuzkoa Babestu 20/30 plana onartu dute Batzar Nagusietan eta plan horren arabera, Legazpiko zein Oñatiko parkea itxiko dituzte eta Bergaran parke berri bat egingo dute». Suhiltzaileek diote plana aurrera doala, «baina itxura denez lur sailarekin arazoak dituzte». Parke horretarako 71 lanpostu sortuko ditu aldundiak, 66 suhiltzaile eta 5 inspektore. Legazpiko Korosti parkeko suhiltzaileek galdetu dute, «2020. urtera arte geratzen diren bi urteetan zer?».