'Latir en palabras' liburua aurkeztuko du gaur, 18:30ean, Legazpiko Kultur Etxean Arroyok (Legazpi, 1989). Getariako Balentziaga museoan egiten du lan, moda eta turismoa uztartu ditu bertan.Zer liburu mota da 'Latir en palabras'?Ni ez naiz idazlea, ida...
‘Latir en palabras’ liburua aurkeztuko du gaur, 18:30ean, Legazpiko Kultur Etxean Arroyok (Legazpi, 1989). Getariako Balentziaga museoan egiten du lan, moda eta turismoa uztartu ditu bertan.
Zer liburu mota da ‘Latir en palabras’?
Ni ez naiz idazlea, idaztea gustuko duen pertsona bat baizik eta hau ez da liburu bat, kuadernotxo bat da, non burura datozkidan esaldiak bildu ditudan.
Testu laburrak dira eta atalka bilduta daude. Egunerokoari buruz mintzo naiz: maitasuna, beldurra, lekuak, minak, ametsak… Edonorengan dauden sentipenak. Askotan ez dakigu sentitzen dugun hori hitzetan jartzen. Beldurra daukagu eta ez dugu hitzik aurkitzen. Aitzitik, egiazko hitzak bihotzetik datozenak dira. Bizitza ezin da kantitatean edo denboran neurtu, taupadatan neur daiteke. Hortik,
Latir en palabras izenburua.
Zein izan da liburuaren prozesua?
Iaz Burgoseko (Gaztela) gure amonaren herrian lehiaketa bat egon zen herriaren berri eman eta hura sustatzeko. Nik idatzi bat bidali nuen eta jasotako beste lan batzuekin batera liburu katalogo bat sortu zuten. Nire lana liburu batean ikusita zerbait piztu zitzaidan, eta ordura arte koadernoan idatzitakoak ordenagailura eraman nituen.
Ondoren, autoekoizpenari buruz informazioa bildu nuen eta argitaletxe batekin hitz egin nuen, baina beldur nintzen eta sare sozialetan probatzea erabaki nuen. Instagramen argazkiekin batera testuak igotzen hasi nintzen eta argitaletxe bat nirekin harremanetan jarri zen. Baiezkoa eman nien eta haiek arduratu dira liburua egiteaz.
Zein da zure helburua?
Mundutxo hori ezagutu nahi dut eta jendearen erantzuna jaso nahi nuke; alegia, nire lana zer iruditzen zaien. Finean, liburua barruan daukadana askatzeko modua izan da, erronka txiki bat.
Idazkera hau bogan dago sareetan. Niri betidanik gustatu izan zait, testu laburrak eman eta gaur ezer esaten ez dizunak bihar zer edo zer dauka esateko. Idazle berri asko dago idazkera hau lantzen.
Nortzuk dira zure erreferentziak?
Alejandra Remon, Defreds, Luis Ramiro… Denak Internet bidez ezagutu ditut. Sarean hasi dira eta gero liburuak egin dituzte. Sarean biralak egin dira haien testu batzuk; hainbat kantautoreak dira. Badago idazle gisa bizimodua ateratzen duena eta badago zaletasun gisa hartzen duena.
Nire asmoa ez da bizimodua idazten ateratzea, nire zaletasunari bidea ematea baizik. Akaso, lanbide bezala hartuko banu ez litzateke gauza bera izango.
Gaztelaniaz idazten duzu beti?
Bai, irakurri ditudanak gaztelaniaz dira.
Udalak idazleentzat diru laguntza bat onartu du 2019ko aurrekontuetan. Zer diozu?
Oso ongi deritzot.
Aurkezpena egingo duzu gaur kultur etxean?
Xume-xumea izango da eta bihartik aurrera Legazpiko liburu dendatan liburua salgai jarriko dut.