Kepa Ormazabal Galdos gabiriarrak tarteko helmugen saria irabazi du Gipuzkoako Klasikoko lehen etapan
Etapa Groupama talde frantziarreko Baptiste Gregoirek irabazi du
Junior mailako nazioarteko txirrindulari onenek Gipuzkoa Klasikoko lehen etapa jokatu dute gaur Ormaiztegin. Groupama taldeko Baptiste Gregoire nagusitu da (Romain Gregoire profesionalaren anai gazteena da). Zortzi laguneko talde bat heldu da Ormaiztegiko helmugara. Horien artean, Bizkaiko federazioko Marco Martin. Zortzi segundora beste talde bat heldu da. Etapako protagonista nagusietako bat Ampo taldeko Kepa Ormazabal gabiriarra izan da. Eguneko ihesaldi nagusian parte hartu du eta tarteko helmugen saria irabazi du.
93 kilometroko ibilbidea osatu dute txirrindulariek. Lau mendate menderatu behar izan dituzte: Lierni bi aldiz, Gabiria eta Mandubia. Bigarren eta azken etapa Donostiako Egia auzoan jokatuko da, bihar.
Europako junior mailako txirrindulari onenak parte hartzen ari dira. Nazioarteko 30 talde dira guztira, 14 Euskal Herrikoak eta 17 nazioartekoak. Tartean, Nafarroako, Iparraldeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako selekzioak.
Ormazabal pozik azaldu da helmugan. “Etxean aritu gara eta hori berezia da beti. Apur bat urduri nengoen, baina gustura nago egindako lanarekin. Pozik. Hasi aurretik kontzentratuta nengoen. Banekien zer nahi nuen. Entrenamenduak argi azaldu digu zer egin. Hori jarraituko dugu eta dena ondo atera da. Hanka onak nituen eta Alegiko biraketan, ihesaldia sortu den unean, ihesaldian sartu ahal izan naiz. Oso txirrindulari onak daude eta zaila da etapa irabaztea. Hori dela eta, bestelako sailkapenen bila irten gara. Lautadan oso ondo ibili naiz eta Lierniko lehen igoeran ere bai. Bakarrik heldu naiz gora. Bakarrik egin ditudan kilometroetan, erlojupekoak gustuko ditudanez, ondo moldatu naiz”.
Txirrindulariak Gabiritik pasa dira eta hori berezia izan da beretzat, noski. “Igoera aurreko taldearekin hasi dut, baina besteak ni baino indartsuago zeuden eta nire erritmora igo naiz. Herritarrek indarra eman didate eta eskertzekoa da”.
Bere hurrengo erronka Lazkaoko eta Arantzazuko lasterketak dira. “Horiek ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz: taldeari lagundu eta ahalik eta emaitza onena lortu”.