Ataunen gaur hasiko da Etorkizuneko Txapeldunen pilota lehiaketa
22 urtez azpikoen eta kadeteen mailetan jokatuko da, kanporaketa eran. Asteartero, Auzoeta kiroldegian pilota jaialdi bat izango da, sarrera doan.
Ataungo Kirol Elkarteak eta Baiko enpresak antolatuta, gaur hasiko da Ataunen IV. Etorkizuneko Txapeldunak lehiaketa. 22 urtez azpikoen eta kadeteen mailetan jokatuko dute, asteartero, Auzoetan. Eskuz binaka jardungo dira, eta 64 pilotarik eman dute izena; 32na kategoria bakoitzeko.
Lehen jardunaldia gaur jokatuko dute, 18:15ean hasita –ordu horretan dira jaialdi guztiak–. Lau partida ikusi ahalko dira. Sarrera doan da.
Kadetetan, Zearra-Del Rey eta Arregi-Otaegi II.a lehiatuko dira batetik, eta Etxabe-Zelarain eta Bidart-Salinas bestetik. Ondoren, 22 urtez azpikoetan, beste bi partida izango dira: Sarasibar-Albeniz Aranbarri-Elortz bikotearen aurka lehenik, eta Uriarte-Sotil eta Zabaleta-Apeztegia II.aren artekoa ondoren.