Eli Aranburu, herritar estimatu hori
Leire Artola. Hirigintza zinegotzia.
Zuk bidalitako mezuari erantzuna emanez, lehenik eta bat azaldu nahi dizugu guztiz ulergarria zaigula zure ezinegona eta zuen kalean egindako lanek sortu duten deserosotasuna. Neurri batean edo bestean hala izaten da ezinbestean, betidanik eta zuen kasuan bezala, herrian egin diren tankera honetako eraberritzeek eragozpenak sortzen baitituzte.
Udalak, herritarren ongizatea helburu hartuta, zuen kaleko hobekuntza lanei ekin zien oinezkoei lehentasuna ematea irizpide nagusi zuela. Oinezkoen-ibilgailuen arteko talka horretan oinezkoaren aldea nabarmen hobetu da. Arriskua, segurtasuna eta neurriak aipatzen dituzu. Aparkaleku kopurua murriztu bada oinezkoentzako espazioa irabazteko izan da, igarobidea hobetuz. Aparkalekuek zabalera bera izaten jarraitzen dute eta errepidea estua bada ere, ibilgailuak abiadura murriztera behartzeko asmoz gauzatu da. Horretaz gain, Zazpiturrieta kaleak norabide bakarreko herriko beste kaleekin alderatuta, zabalera berdina edo handiagoa du (Igartza Oleta, Trenbide edo Oriamendi adibidez). Nolanahi dela ere, udalak onartzen du lanak hobeto egin daitezkeela eta hala beharko luke. Zuzendu beharreko ustekabekoak sortzen badira, ahalik eta azkarren zuzentzearen aldekoak gara, azkar eta gaizki eginda uztea okerragoa dela argi baitago.
Honekin guztiarekin, balorazioak eta ondorioak ateratzen ditugu eta zurea bezalako iritziak jasotzeak gure ahaleginean hobetzen laguntzen digute. Gure azken helburua, ordea, behin eta berriz esan dugun moduan, herritarren ongizatearen alde lanean jardutea da, gertutasunetik, behar den informazioa emanez, egindako akatsengatik barkazioa eskatuz eta zuen pazientzia eta ulermena eskertuz. Oraingoan ere, aurrera begira zuen kalean egindako berrikuntzak onerako izan direla eta luze baino lehenago antzemango dituzuelakoan gaude. Eskerrik asko.