Mila Sukia: «Antolakuntza eredua aldatuko dugu hauteskundeetara begira»
Ahal Dugu alderdiak Ordizian egindako batzar irekian, Goierri eskualdearentzat datozen aldaketen inguruan hitzegindako kontuez aritu da Mila Sukia zinegotzi ordiziarra.
“Indarrak batuz aldera egingo dugu lan eta zirkuloak sortuko ditugu” “Jendeak paso egiten badu, gauzek berdin jarraituko dute eta hori ez da aukera bat”Zergatik da hori horrela? 2015eko udal hauteskundeak iritsi zirenean, Ahal Duguk herri mailan tokia egingo zuela ez zuelako uste. Horregatik, beste izen baten atzean aurkeztu ginen. Une hartan gizarteak bizi zuen egoerarekin nekatuta eta aktiboki, egoera hura aldatzeko lan egin nahi genuen herritar talde bat osatzen dugu Ordizia Orain-ekoek. Horrek ez al ditu herritarrak nahasten? Beharbada bai. Dena den, hasiera-hasieratik saiatu gara nortzuk garen garbi uzten, herritarren artean nahasketarik ez sortzeko eta esango nuke, lortu dugula. Baina orain egitura hori aldatzera doa ala? Bai, horretarako lanean ari gara behintzat. Hurrengo udal hauteskundeetarako, 2019an, orain arteko egitura hori aldatzeko asmoa dugu. Indarrak batze aldera egingo dugu lan eta Goierri mailan, herriz herri zirkuloak sortuko ditugu, Ahal Dugu alderdiaren babesarekin. Zu zeu noiz eta nolatan sartu zinen politikan? Orain dela hiru urte aurkeztu nintzen udal hauteskundeetara, lehenengo aldiz. Dena den, lehenengo momentuan ezetz esan nuen. Konfidantza osoz deitu zidaten zerrendak osatzen ari zirenean, baina beldur pixka bat ere ematen zidan une hartan politikan buru-belarri sartzeak. Zerrendan aurrean jartzeko inor lortzen ez zutela ikusita, nire buruarekin hausnarketa egin, beste pertsona batzuekin hitzegin eta inor aurkeztuko ez zela ikusi nuenez, pauso bat aurrera eman nuen. Udal politikan orain arte izandako esperientzia nola baloratuko zenuke? Oso ona izaten ari da. Herritar guztiak animatuko nituzke herri mailako politikatik pasatzera. Herritar askok eta askok politika urrutitik baino ez dute ezagutzen eta oso gauza konplikatutzat dute. Ez dute udaletxearen funtzionamendua ezagutzen, ezta alderdi desberdinen artean dauden erlazioak ezagutzen ere. Barruan zaudenean, orduan konturatzen zara zergatik dauden alderdien arteko iskanbilak eta adostasun faltak nahiz eta interesek amankomunak izan beharko luketen herri mailako arloetan. Herritarren interesak defendatzeko gaude. Jendeak paso egiten badu, gauzek berdin jarraituko dute, eta hori ezin da aukera bat izan.