Goierri zero azpitik
Tenperatura bajuak neurtu dira goizeko lehen orduetan eta izotzak paraje ugari zuritu ditu
Izotza zuri-zuri Legazpin, Brinkolako zelai batean
Pronostikoek ez dute huts egin eta Goierri zero azpiko tenperaturekin esnatu da gaur goizean. Euskalmet meteorologia zentroak Zegaman duen estazioan -4’5 gradu neurtu dira goizeko 07:10ean (atzo -1’1 gradu). Zumarragakoan, berriz, -2,2 gradu zeuden 08:00etan (atzo -1,7 gradu), eta Ordiziakoan -0,3 gradu 08:20an (atzo -2,7 gradu). Legazpin Aemet agentziak du estazioa eta han neurtu da tenperatura bajuena, -5 gradu 08:00etan (atzo -2 gradu). Kaleko termometroei dagokienez, berriz, -2 gradu jasotzen zituen 09:30ean Legazpi bertako Nafarroa kalekoak, eta 1 eta 3 gradu artean Beasaingo Nafarroa etorbideko bietan 10:30ean.
Izotza ere egin du eta Goierriko hainbat puntu zuri-zuri agertu dira, batez ere goi aldeetan, Legazpin esaterako. Behe aldean lainoa izan da eta tenperaturak zertxobait altuagoak izan dira.
Euskalmetek iragarri duenez, gaur hotza eta giro eguzkitsua nagusituko dira, eta egunaren erdiko orduetan tenperatura 6-9 º ingurukoa izango da. Iluntzetik aurrera hozten joango da giroa eta izotza egingo du berriz ere.
Hona hemen goizean Legazpin eta Beasainen ateratako argazki batzuk.