Elkarlanerako hausnarketa
Arlo askotatik Goierriko Meatzeen etorkizun ekonomikoa lantzeko helburuarekin Zeraingo, Ormaiztegiko eta Mutiloako Udalek antolatutako jardunaldian teknikariek, politikariek (udal ordezkariek) eta herritarrek parte hartu dute gaur. Guztira, 35 lagunek eta pozik daude antolatzaileak jasotako erantzunarekin. Goizeko bederatzietan, Zeraingo herriko plazan bildu dira guztiak eta autobusez Aizpeako meategietara joan dira. Han, Beatriz Herrera historialariak ondare industrialaren turismoaz hitz egin du. Ondoren, Jakoba Errekondo Zerain Dezagun Fundazioko teknikariak hartu du hitza eta Zeraingo Udalak abian duen proiektua azaldu du. Proiektu sozioekonomiko horrek hiru estrategia ditu bere baitan: Zeraingo ondare industriala, historikoa eta soziala berreskuratzea, etorkizun ekonomikoa lantzea eta herritaren bizi kalitatea hobetzea eta Zerainek biztanleak, turistak eta bisitariak erakartzeko duen ahalmena handitzea. Zeraindik Mutiloara Errekondok bere azalpena bukatu ondoren, autobusean sartu eta Mutiloarako bidea hartu dute. Han Arkaitz Orbegozok ondare industrialaren alderdi arkitektonikoaz hitz egin du eta Asier Galdos paisajistak berriz, naturaz eta turismoaz. Galdosen hitzak entzun eta kafea hartzeko tarte bat hartu dute. Ondoren, Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak, Mutiloako Udalak martxan duen proiektuaren berri eman du. Mutiloan meatzeak bertan behera utzi zirenetik, lur sail horietako asko ukitu ere ez dira egin eta adituen ustez, kasu batzuetan horrek arrisku bizia sortzen du, bai oinezkoentzat baita animalientzat ere. 2005ean Mutiloak bere orientazio ekonomikoa dibertsifikatzeari [...]
Arlo askotatik Goierriko Meatzeen etorkizun ekonomikoa lantzeko helburuarekin Zeraingo, Ormaiztegiko eta Mutiloako Udalek antolatutako jardunaldian teknikariek, politikariek (udal ordezkariek) eta herritarrek parte hartu dute gaur. Guztira, 35 lagunek eta pozik daude antolatzaileak jasotako erantzunarekin.
Goizeko bederatzietan, Zeraingo herriko plazan bildu dira guztiak eta autobusez Aizpeako meategietara joan dira. Han, Beatriz Herrera historialariak ondare industrialaren turismoaz hitz egin du. Ondoren, Jakoba Errekondo Zerain Dezagun Fundazioko teknikariak hartu du hitza eta Zeraingo Udalak abian duen proiektua azaldu du. Proiektu sozioekonomiko horrek hiru estrategia ditu bere baitan: Zeraingo ondare industriala, historikoa eta soziala berreskuratzea, etorkizun ekonomikoa lantzea eta herritaren bizi kalitatea hobetzea eta Zerainek biztanleak, turistak eta bisitariak erakartzeko duen ahalmena handitzea.
Zeraindik Mutiloara
Errekondok bere azalpena bukatu ondoren, autobusean sartu eta Mutiloarako bidea hartu dute. Han Arkaitz Orbegozok ondare industrialaren alderdi arkitektonikoaz hitz egin du eta Asier Galdos paisajistak berriz, naturaz eta turismoaz.
Galdosen hitzak entzun eta kafea hartzeko tarte bat hartu dute. Ondoren, Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak, Mutiloako Udalak martxan duen proiektuaren berri eman du. Mutiloan meatzeak bertan behera utzi zirenetik, lur sail horietako asko ukitu ere ez dira egin eta adituen ustez, kasu batzuetan horrek arrisku bizia sortzen du, bai oinezkoentzat baita animalientzat ere. 2005ean Mutiloak bere orientazio ekonomikoa dibertsifikatzeari ekin zion, turismo eta aisialdiarekin lotutako ekimenak bultzatuz.
Ugalderen jardunaren ondoren, berriz ere autobusean sartu eta Ormaiztegiko Zumalakarregi museora joan dira guztiak. Han Idoia Irizar Ormaiztegiko Udaleko zinegotziak, Ormaiztegiko Udalaren proiektua azaldu du. Ormaiztegi Zeraingo eta Mutiloako meatze barrutietatik ateratakoaren irteera natural bihurtu zen. Aurreko mendeko 40ko hamarkadaren inguruan meatzaritza jarduera bukatu zenea, egitura hori pixkanaka desagertzen hasi zen. Denborarekin, Ormaiztegiko Udalak, sastrakaren azpian ezkutatuta gelditu zen ondarea berreskuratzeari ekin dio, ondareak duen garrantziaz eta interesaz ohartuta.Helburu nagusia, Ormaiztegiko hirigunea eta mea biltegiratzeko guneak elkartzea da.
Irizarren ondoren, Goiturreko ordezkariak Niko Osinaldek hartu du hitza. Ondareari eta etorkizuneko turismoari buruz hitz egin du Osinaldek. «Turistak erakartzeko, hemendik aurrera, produktua saldu behar dugu, eta ez horrenbeste destinoa». Hau da, Osinalderen ustez, Goierri eskualdean Idiazabal kontzeptuak izan behar du oinarria eta «horren barruan, Goierri eta bere produktu guztiak sartu behar ditugu».
Zeraini, Mutiloari eta Ormaiztegiri dagokionean, aipatu du ondarea berreskuratzeko lanak bukatzear daudela, nahiz eta oraindik ere esku artean zenbait zeregin eduki. «Errekurtso hori produktu turistiko izatea nahi badugu, hemendik aurrera ez du balioko herri bakoitzak bere ikuspegia edukitzea». Osinalderen ustez, herri bakoitzak bere aldetik joanda, ez luke turistak eskatzen duen erakargarritasunik lortuko. «Helburua elkarrekin lan egitea da eta hala ere, nahikoa lan edukiko dugu produktu turistiko hori sustatzeko, tankerako asko baitaude». Osinaldek aipatu du, bere esku egonez gero, Igartzako multzoa ere proiektu horren barruan sartuko lukeela, baita Mirandaola ere «horretarako, ez baita izan behar eskualdeen arteko mugarik».
Osinalderen hitzaldiak eman dio bukaera jardunaldiari eta ondoren guztiek mokadutxoa egin dute Zumalakarregi museoan bertan.
Antolatzaileen balorazioa
Jardunaldiaren antolatzaileak pozik daude saioaren edukiarekin. Hiru Udalen izenean, Ion Muñoa zeraindarrak aipatu du, jardunaldiak batetik, herri bakoitzak abian duen proiektua hobeto ezagutzeko balio izan diela. «Elkar hobeto ezagutzeko, azken finean». Eta bestetik, elkarrekin ekonomikoki bideragarria den proiektu estrategiko bat nola gauzatzen joan hausnartzeko balio izan diela. «Hau da, elkarlana bultzatzeko».