Patata ereiten lehenetakoak, goierritarrak
Amerikatik ekarritako landare eta fruituek erabat irauli zuten Euskal Herriko nekazaritzaren eta elikaduraren panorama XVI.-XVIII. mende artean. Zekaleen artean, artoak nagusitasun aipagarria lortu zuen, gariaren ondoan. Bestetik, gaur egun hain estimatua den patata ere berria zen euskaldunentzat. Denbora gehixeago behar izan zuen jate-ohituretan sustraitzeko, eta goierritarrak aitzindariak izan ziren patata ereiten. David Palanca ikertzaileak EHUrako tesi batean aztertu duenez, patataren ekoizpena Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sartu zuen, hazia Irlandatik ekarrita. 1764an Gipuzkoan ezaguna zen ereitea —Araban lau-bat urte lehenago—, Irunen eta Hondarribian batik bat. Urtetik urtera uzta gehiago ereiten hasi ziren, nahiz eta oraindik txikiak izan. Goierrin lehen lekukotasun idatzia 1773koak da. Gabiriako Gaztelu baserrian patata «kopuru handitan» ateratzen ari ziren, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko batzordearen arabera. Bidasoa aldea eta Goierri ziren garai hartan patata soroak lantzen zituzten gune handienak. Hain zuzen, erakunde horrek bultzatu zuen patata ereitea, gehienbat, nekazaritza aurreratzeko eginahalean berrikuntzak eta teknika modernoak lantzen saiatu baitzen. Hasieran ganadu janetarako erabili bazen, pertsonen elikagai bezala geroz eta zabalduagoa bihurtu zen patata. Bergaran, 1774an uzta «oparoa» izan zen; eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak esperimentuak egin zituen artoarekin edo gariarekin nahasita ogia nola atera zitekeen ikasteko. Elkartearen nekazaritza batzordeak dio 1779rako Legazpin patata ereitea zabalduta zegoela. Han ere ogia egiten zuten, gariarekin edo [...]
David Palanca ikertzaileak EHUrako tesi batean aztertu duenez, patataren ekoizpena Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sartu zuen, hazia Irlandatik ekarrita. 1764an Gipuzkoan ezaguna zen ereitea —Araban lau-bat urte lehenago—, Irunen eta Hondarribian batik bat. Urtetik urtera uzta gehiago ereiten hasi ziren, nahiz eta oraindik txikiak izan.
Goierrin lehen lekukotasun idatzia 1773koak da. Gabiriako Gaztelu baserrian patata «kopuru handitan» ateratzen ari ziren, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko batzordearen arabera. Bidasoa aldea eta Goierri ziren garai hartan patata soroak lantzen zituzten gune handienak.
Hain zuzen, erakunde horrek bultzatu zuen patata ereitea, gehienbat, nekazaritza aurreratzeko eginahalean berrikuntzak eta teknika modernoak lantzen saiatu baitzen. Hasieran ganadu janetarako erabili bazen, pertsonen elikagai bezala geroz eta zabalduagoa bihurtu zen patata. Bergaran, 1774an uzta «oparoa» izan zen; eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak esperimentuak egin zituen artoarekin edo gariarekin nahasita ogia nola atera zitekeen ikasteko.
Elkartearen nekazaritza batzordeak dio 1779rako Legazpin patata ereitea zabalduta zegoela. Han ere ogia egiten zuten, gariarekin edo artoarekin nahasian.
Jateko ohitura gerrarekin hazi
Gipuzkoa iparraldeko eta hegoaldeko eremu jakinetan ereiten zuten arren, patataren kontsumoa ez zen orokortu Espainiaren eta Frantziaren arteko Independentzia Gerra deitura arte (1808-1814). Orduan hasi zen patataren loraldia, Araban batik bat.
«Gerran, Gipuzkoan, Frantziako tropek soroetatik hartzen zituzten patatak, jateko, goseak baitziren. Orduan, euskaldunek ikusi zuten jaten zituztela eta ez zitzaiela ezer gertatzen, ez zirela gaixotzen; alderantziz, gizendu egiten zirela», dio Palancak.
Gizakiek jateko ohitura Araban zabaldu zen gehiago; «Bizkaian eta Gipuzkoan bazuten itsasoa, baina Araba nekazaritzari emana zegoen erabat, zeruaren mende zeuden. Patata lur azpian hazten denez, eta kazkabarra eginda ere kalterik izaten ez duenez, loraldia izan zuen». Gipuzkoan eta Bizkaian animaliak elikatzeko erabili zuten gehiago.
Patata sendagai bezala ere erabili ohi zuten. Erredurak eta handituak sendatzeko ukendua egiteko, edo eskorbutuaren aurka prebentzio nahiz sendagai gisa.
Patataren lehen ereiteak Goierri aldean egitearen arrazoi garbirik ez du aurkitu Palancak. «Daukadan esplikazio bakarra hau da: Goierriko herriak garai hartako bi kultur guneetatik gertu zeuden, Oñatitik eta Bergaratik. Patataren ekoizpena eta kontsumoa gizakientzat nahiz animalientzat bultzatu zutenak hangoak ziren. Pentsa daiteke hortik hedatu zela patataren kultura».
Segurako alkatea, eragile bat
Bergarako apaiza bezala, Segurako alkate Luis Astigarraga ere patata ereitearen bultzatzaileetakoa izan zen. 1797an horretarako lur sailak ugaritzen ari zen, tartean bere soro bat. Amerikan ibilia zen, espainiar armadan.
Goierriko eta inguruetako pertsona kultuenak eta erakundeak nekazaritza-kultura indartzen saiatu ziren, tartean patata. «Gipuzkoan beste lekuetan ez dut halakorik aurkitu», dio Palancak.
Aipamenen kronologia
Patata ereitea Goierrin eta Gipuzkoan
• 1764-65. Patata ereitea Irun-Hondarribiara iritsi zen.
• 1773. Gabiriako Gaztelu baserrian patata «ugari» atera zen.
• 1774. Bergaran uzta oparoa bildu zuten. Ogi bihurtzeko esperimentuak egin zituen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak.
• 1779. Legazpin patataren ereitea zabalduta zegoen.
• 1781. Bergarako apaiz Rafael Garitano Aldaetak ereiteko gomendatu zuen, gizakiek eta animaliek jateko. Eguraldi txarretan bazka segurua zen.
• 1789. Donostian patata ereiten hasi ziren.
• 1797. Seguran patata lantzeko lur gehiago prestatzen ari ziren. Luis Astigarraga Ugarte alkateak dio urte batzuen buruan ogia egingo zutela haiekin.
• 1817. Seguran eta Zegaman apaizak kexu ziren, nekazariek ez zietelako patataren hamarrena ordaintzen.
• 1840. Gipuzkoa osora zabalduta zegoen patata egitearen ohitura, Tolosaldean izan ezik.