Kalean ere «baserritarren lanaz jabetu daitezen» egingo dute Baserri Eguna
Nekazal arloko sindikatu eta administrazio publikoetako bost kiderekin mahai ingurua egingo dute bihar. Igandean, bertako produktuak eta baserriko lanak ezagutzeko aukera izango daLaugarren urtez jarraian, Baserritarren Eguna ospatuko dute Idiazabalen....
Nekazal arloko sindikatu eta administrazio publikoetako bost kiderekin mahai ingurua egingo dute bihar. Igandean, bertako produktuak eta baserriko lanak ezagutzeko aukera izango da
Laugarren urtez jarraian, Baserritarren Eguna ospatuko dute Idiazabalen. Herritarrak eta kaleko jendea «baserritarren lanaz jabetu daitezen» hasi ziren jaialdi hau antolatzen, eta egun, herriko nekazari eta abeltzainen lana ezagutzera eramateko leiho bihurtu da. Urriaren 12ko jai egunarekin bat eginez ospatuko dute, eta bertako produktuak, baserriko lana eta erremintak eta ganadua bertatik bertara ikusteko aukera izango da.Javier Jauregi Idiazabalgo lehen sektorearen dinamizatzailearen hitzetan, helburu bat du festa honek: «kaletarrak ere konturatzea baserritarrek zer lan egiten duten, berandu baino lehen». Izan ere, «ez dituzte gero guk jaten ditugun jaki goxoak bakarrik egiten, gure belardiak eta parajeak ere zaindu» egiten dituztela azaldu du. Idiazabalen, esaterako, 650 hektarea kudeatu eta zaintzen dituzte herriko nekazariek, eta hortik ikusten da Jauregiren ustez, paisaian izan dezaketen eragina. «Nekazariek beraien lana egiteari utziko baliote, gure inguru dena basoz eta sasiz beteko litzateke».
Baserria kalera
Baserriak gizartean duen eragina azaltzeko, mahai-ingurua egingo dute batetik. Nekazal arloko sindikatuetako eta administrazio publikoko ordezkariak elkartuko dira bihar iluntzean, udaletxean egingo duten saioan.
Igandeko festarekin, berriz, baserria kalera jaitsi eta kalean bizi diren herritarrei gerturatu nahi diete. Egun osoan zehar, baserriko eta bertako produktuen erakusketa izango da herrigunean. Horrez gain, baserriko lana hobeto ezagutzeko hainbat ekintza ere egingo dituzte. Jauregiren hitzetan, «umeei begira bisita gidatuak egingo ditugu, ganadua eta lan tresnak» ikusteko. Herri bazkaria ere egingo dute, bertako produktuak oinarri hartuta; aurtengo berezitasuna, Olazagibel baserriko zaldi baten haragia izango da.