Arrano elkartea, 25 urte eta gehiago
Bihar, Arnaldo Otegiren hitzaldiarekin hasiko ditu Beasaingo Arrano elkarteak eraikin berriaren 25. urteureneko ekitaldiak. Iganderako, egun osoko festa eta aldarrikapen eguna antolatu dute.
Mende laurdena baino gehiagoko historia du Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak. Sorrerako lehenengo zortzi urteak, 1984tik 1992ra artean, Oriamendi kaleko 5. zenbakiko egoitzan egin zituzten. 1992ko uztailaren 4an, berriz, Kale Nagusiko eraikina inauguratu zuten, Jon Idigoras Herri Batasunako buruzagiaren hitzaldiarekin. Egunotan, eraikin berriaren 25. urteurrena ari dira ospatzen Arrano elkarteko bazkideak. Ehun bazkiderekin abiatu zuen bere ibilbidea Arrano elkarteak eta gaur egun 140 dira. Elkarte gastronomiko hutsa baino gehiago da Arrano: «Euskal kultura sustatzeko helburuarekin batera, «ezker abertzalearen egoitza da, funtzio politiko bat ere badu. Beasainen ezker abertzalearen inguruko jendearentzako bilgune bat edukitzea ere bada helburua», dio Bixente Apalategik. Hasieratik izan zuen argi Arrano elkarteak, elkarteak irekia izan behar zuela, «denon eskuragarri» egongo zena. Horretarako, «gure elkartean ez da dirurik jarri behar bazkide izateko, hileko kuota ordaintzen da bakarrik». Ildo horretan, «elkartean gazte jende asko sartu da azkenaldian, azken batean, erraza delako, diru bat aurretik ez delako jarri behar». Elkartearen funtzionamenduari dagokionean, urtero aldatzen da zuzendaritza batzordea, hamar bazkideko tal-deak osatua. Ekitaldi ugari Zuzendaritza taldeaz gain, kultur ekitaldiak antolatzen dituen taldea ere badago eta urtean zehar herri mailako ekitaldi ugari antolatzen dituzte, «herrian erabat txertatuta dauden ekitaldiak dira asko». Martxoan mus txapelketa azkarra antolatzen dute eta apirilean Bertsomovieda lehiaketa. «Garai batean bertso paper lehiaketa antolatzen genuen eta ondoren hasi ginen bertsoa eta irudia uztartzen dituen lehiaketa antolatzen». Festetan ere, ohikoa dute ostiralean Mariren jaitsiera eta asteartean Baserritarren eguna eta bertso saioa antolatzea. Urrian, azkenik, eta udazken kulturalaren bueltan, kaleko pintura lehiaketa eta udazkeneko bertso saioa antolatzen dituzte, azken hori herriko bertsolariekin elkarla-nean. Garai batean, perretxiku eta sendabelar erakusketak ere egiten zituztela gogoratu du Jose Ramon Iraolak. Mariren jaitsiera sortu aurretik, berriz, 1986ko ekainaren 23an, San Joan bezperan, herri antzerkia osatu zuten Aurtzaka dantza taldearekin eta Loinatz abesbatzarekin batera. «Jendetza elkartu zen tren geltokian», gogoratu dute. Ixteko arriskuan 2007ko urriaren 15ean itxi egin zuten Arrano elkartea, Asier Imazen atxiloketarekin lotuta; bi urte egin zituen itxita. «Udalaren eta herriko beste elkarte batzuen babesari esker, aurrera atera genituen gure ekitaldiak». Horrezaz gain, 35/02 auziaren barnean, Espainiako Auzitegi Nazionalak 103 herriko taberna ixteko epaia eman zuen 2015eko uztailean; tartean da Beasaingoa. Apalategiren esanetan, «epaia irmoa da. baina helegitea jarrita daukagu Estrasburgon; ez dakigu zer emango duen.Sententzia edozein momentutan aplikatu dezakete, alegia, edozein momentutan itxi dezakete Arrano». Egoera horrek elkartearen funtzionamenduan «segurtasun eza handia» sortzen diela nabarmendu dute, «batez ere inbertsioak edo obrak egiteko garaian. Mugatu egiten du, beldurra hor dago». Hala ere, «beti beldurrez egon beharrean, bizitza normala egiten saiatzen gara, eta gure kultur ekitaldiak normaltasunez aurrera eramaten. 25 urtean eta gehiagoan hemen gaude eta animatu gara ospatzeko zerbait antolatzen».