Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteko kideek Gabonetan egindako argazki salmenta solidarioan 150 argazki saldu dituzte. Eskailerak saihesteko beldarra erosi nahi dute
Laugarren urtez jarraian Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteko kideek argazki salmenta solidarioa egin dute. 150 argazki saldu dituzte, iaz 121 saldu zituzten. Saldu dituzten guztietatik 115 markoak jarrita saldu dituzte, iaz 58 saldu zituzten marko eta guzti. Igoera nabarmena da. Aurtengoan Legazpiko Gizarte Zentroan gorde eta behar duenak maileguan hartu dezan eskailerak igotzeko gailua erosi nahi dute, beldarra. Behar duenak behar duenean har dezan.
Zortzi egunez aritu dira goizean elizako arkupeetan, Elizondo tabernatik hurbilen dagoen izkinan, salmenta egiten. Hotza ere pasa dutela dio Luis Mari Murua Ikatzako kideak, «baina salmentak gora egin du eta argazkirik eraman gabe borondatea ematen zigun jendea ere pasa da postutik».
Elkarteko hamabost bat argazkilari aritu dira salmenta lanetan eta saldutako argazkiak haienak zein postuan egon ezin izan diren bazkideenak izan dira. Ge-hienak inguruko paisaiak harrapatu dituzten argazkiak izan dira. Mirandaola, herriko plaza eta kaleak… Legazpiko guneez gain, Arantzazu, Donostia edota Bizkaiko txokoen argazkiak saldu dituzte. Salbuespen bat egon dela dio Muruak, «boxeo borroka baten argazkia salgai jarri dugu eta alea salduta, haren beraren enkarguak jaso ditugu». Izan ere, Laubideko Alkain gailu elektrikoen dendaren laguntzarekin, salgai jarritako argazkien proiekzioa eman dute postuan eta erosleek ordurako salduta zegoen argazkiren bat nahi izanez gero, proiekzioan agertzen ziren argazkien artean aukera zezaketen.
Aurreko urteetan salmentarekin irabazitakoa zenbait elkarteri eman diote. Lehendabiziko urtean Ademgiri (esklerosi anizkoitza), bigarrenean Begisareri (pigmentazio erretinosia) eta hirugarrenean Afagiri (alzeimer). Aurten, gurpil aulkia behar duten pertsonentzat edota behin-behinean ibiltzeko arazoak dituztenentzat garraio aparatua erosi nahi dute, beldar modukoa.
Asmoa gailua Gizarte Zentroan uztea da eta beharren arabera maileguan eskaintzea.
Oraindik ez dituzte salmentari dagozkion kontuak erabat itxi eta beldar mota ezberdinen artean aukeratzen ari dira. Kontuak doitu eta bildutakoarekin nahikoa daukaten aztertuko dute.
Ikatzakoek argazkien bidez lagundu daitekeela eta legazpiarrek, beste behin, laguntzeko prest daudela erakutsi dute.