Gabiriako Ostatuarekin lotutako bi kontratuak esleitu ditu udalak
Herenegun aukeratu zuen Gabiriako Udalak herriko Ostatuan zerbitzua emango duen ostalaria. Eider Martinezek aurkeztutako eskaintza aukeratu du, eta Mikel Asurabarrena gabiriar bikotekidearekin batera hartuko du Ostatua. Eskaintza bakarra jaso du udalak lehiaketan.
Gaur egungo ustiatzaile Aitor Mujikak azaroaren 25era arte du epea, baina aldaketa aurrez euren artean adostekotan dira. Tartean, garbiketarako eta egokitzapenetarako «astebeteren bat» itxita egongo da, Oier Oiarbide alkateak dioenez. Eskola jangela zerbitzua ez da etengo.
Martinezek eta Asurabarrenak Zumarragako Ziaboga taberna daukate orain. Ostatuaren kontratu berria hamar urterako izango da.
Obrak ere esleituta
Ostatuan bertan, irisgarritasuna hobetzeko lanak zein enpresak egingo dituen ere izendatu du udalaren kontratazio mahaiak. Urbycolan arduratuko da igogailua eraikitzeko obra egiteaz.