Osasun krisiaz gain, krisi politikoa
Estebe Ormazabalek 24 urte daramatza Brasilen. Sao Paulon bizi da. Bolsonaro presidenteak osasun ministerioa militarren esku utzi du. Positibo kasu gehien dituen bigarren herrialdea da.
Brasilen 38.000 hildako baino gehiago izan dira koronabirusagatik. Guztira, 743.000 kasu atzeman dituzte. Aurretik ere krisi ekonomiko eta soziala bizi bazuten, osasun larrialdiak egoera okertu du. Bolsonaro presidenteak, gainera, neurrien aurka egin eta birusa hutsaltzat jo du.
Estebe Ormazabal Insaustik (Beasain, 1966) 24 urte daramatza Brasilen. Sao Paulon bizi da eta SENAI Industria Ikaskuntza Zerbitzu Nazionaleko Elikagai Teknologiako hezkuntza zuzendaria da. Azkeneko lauzpabost urteak krisi egoeran igaro dituztela azaldu du: «Hondoa jo genuela uste genuenean koronabirusaren krisia iritsi da».
Errepublika federatiboa
Brasilgo gobernu forma errepublika federatiboa da. Herritarrek presidentea boto zuzenez aukeratzen dute. Presidentea eta kongresua gobernu zentralaren parte dira, baina, horiez gain, federazioko estatuak dituzte. Sistema politiko hori dela eta, beraz, koronabirusari aurre egiteko hartutako erabakiak desberdinak izan dira estatu desberdinetan: «Gobernu bakoitzak autonomia nahiko handia dauka», azaldu du Ormazabalek.
8,5 milioi kilometro karratuko herrialdea da. Egoera sozioekonomikoa ere desberdina da Brasilgo leku desberdinetan: «Ez da berdina Sao Paulo bat eta Amazonia bat».
Ministrorik gabe
Brasilgo Osasun Ministeritza militarren esku utzi du Jair Bolsonaro presidenteak, bi ministrok kargua utzi ostean. Izan ere, Luis Henrique Mandetta eta Nelson Teich ministroak itxialdiaren alde agertu dira, eta Bolsonarok kontrako erabakiak hartu ditu: «Negazionista bat bihurtu da Bolsonaro eta joko politikoa ari da egiten». Ormazabalek azaldutakoaren arabera, «urruntze soziala bermatzeko neurriak boikoteatzen» saiatu da presidentea: «Gobernadoreei errua botatzen saiatu da, eta krisi ekonomikoaren beldurra sartu du presioa handitzeko».
Joko politiko horrek aurrera egiten duen bitartean koronabirus kasu positiboak areagotuz doaz: «Honek tragedia bat bihurtzeko bidea darama, tragedia politikoa eta soziala».
Hasiera hobea
Kasu positibo gehien dituen bigarren herrialdea da Brasil, Amerikako Estatu Batuen atzetik. Ormazabalek adierazi du osasun krisia hasi zenean Mandetta ministroak itxialdiaren alde egin zuela: «Oso ondo hasi ginen, Italiako egoera jarraitzen zuten hemen eta bazekiten zer zetorren». Sao Paulo hiriko alkateak, Sao Pauloko estatuko gobernadoreak eta osasun ministroak urruntze soziala adostu zuten: «Eskolak gelditu ziren, lehentasunezko zerbitzuen zerrenda egin zuten eta hiriko mugimenduaren erdia geratzea lortu zuten».
Itxialdia, ezinezkoa
Erabateko etxealdia ezinezkoa litzateke Brasilen Ormazabalen arabera. Alde batetik, kulturagatik, eta bestetik, egoera sozioekonomikoagatik: «Askok kontratu gabe egiten dute lan, eta jende horri ez badiozu irtenbiderik edo laguntzarik ematen, beharra duelako aterako da». Ormazabalen lankide gehienek, esaterako, etxetik lan egiteko aukera izan dute. Ikasleek ere hala egin dute: «Baina gizartearen zati erraldoi batek ez dauka etxean egoteko aukerarik; estatua ez da azaldu inoiz eta orain ez da aldatuko». Desberdintasun horiek azaleratu ditu Covid-19 krisiak: «Miseria guztiak gehiago ari dira azaltzen azken hilabeteotan, krisi guztietan gertatzen den bezala».
Zenbakiak, goraka
Kargua utzi zuen lehenengo ministroak, Mandettak, egoera horri aurre egin eta hildakoak saihesteko plana egin zuen, baina Bolsonaroren politikek ez dute horrelakorik bideratzeko aukerarik utzi: «Ideia zen denbora ematea osasun sistemak gaixoei artatzea lortu zezan». Horrela, Bolsonaro presidenteak kontrako erabakia hartu du, eta osasun krisiari garrantzia kendu dio. 38.000 hildako izan dira, eta infekzioen kurba handitzen doa egunez egun: «Dakizkigunak, zenbakiak ez direlako oso zehatzak eta ospitalera joaten direnei bakarrik egiten zaizkie testak; 40.000 positibotik gora izan daitezkeela diote ikerketa batzuek».
Kasu positiboek gora egin dutenean, duela astebete inguru hainbat hirik irekitzea erabaki dute: «Rio de Janeiro eta Amazonaseko hiriek ireki dute, eta lehenengo momentutik jendea kalera atera da». Presidentearen jarrerak ere hori bultzatu du: «Presidenteak esaten badu ez dela horren larria… bonbardaketa etengabea da, baina ez dago analisirik horren atzean». Itxialdi totalik izan ez duten arren, presidentearen erabakiek egoera okertu dute. Osasun larrialdiak aurretik zuten krisi politiko eta soziala handitu du, eta herrialdeak dituen desberdintasun sozialak ere agerian utzi ditu.
Hiri handietan jarduerara itzulita, kurbak gora egingo duela aurreikusi du Ormazabalek. Hedapenak, gainera, eremu txiroenetan izango du eragina: «Birusa zabaltzen ari da eta barnekaldera doa; han osasun sarea oso murritza da». Osasun krisiak gutxienez «bi edo hiru hilabete» iraungo duela esan du: «Eta horrekin batera bazetorren krisi ekonomikoa; horri Bolsonaroren krisi politikoa gehitu behar zaio».