Elizako usoan gordetako dokumentuen bila
Elizako erretabloko usoa jaitsi du herritar talde batek, bertan ustez gordeta zeuden paperen bila; ez dituzte aurkitu. Donostiako Diozesi Artxibora joko dute, 1968an bertara eraman zituztenaren susmoarekin.
Segurako elizako erretabloan dagoen egurrezko usoa jaitsi du herritar talde batek. Garai batean bertan gordetako paper eta dokumentuak bilatzen dabiltza, baina lehenengo ahaleginean ez dituzte aurkitu. Ez dago paperik usoan. Hurrengo pausoa Donostiako Diozesi Artxiboan bilatzea izango da, duela 53 urte bertan gorde zituztela uste baitute.
Rafa Berasategik 1968an jaitsi zuen usoa. «Paper mordo bat zegoen barruan, harri batekin tapatuta». Biharamunean, sakristiako paperak atera eta 8 zaku bete zituzten Donostiara eramateko. «Ez dakigu han zegoen usoaren barruko dokumentazioa ala ez». Herenegun herritar ugari elkartu ziren elizan usoaren jaitsieran parte hartu eta paperak bertan zeuden ikusteko. Eskalatzaile bat igo zen, besteak behetik laguntzen ziolarik.
Pieza berezia
Erretablotik gora, Ama Birjinaren gaineko zulotik igo eta usoaren pieza lotzen duen soka askatu zuen. Paperik ez, baina neurriak hartu dizkiote piezari: 67 zentimetroko luzera, 102 zentimetroko zabalera, 27 zentimetroko garaiera eta 8,8 kiloko pisua dauka usoak. Donostiako Diozesi Artxiboan bilatuko dute dokumentazioa, 1968an bertara eramandako paperen artean ote dagoen zehazteko. Antton Arrietak dioenez, dokumentu bereziren bat izan beharko luke, usoa mezuak gordetzeko egina dagoelako, zulo laukizuzen batekin sabelean, eta soka bati lotuta igo eta jaitsi daitekeelako. Azken detaile horregatik da berezia. Eliza askotan aurki daitezke usoak, baina finkoak izan ohi dira. Dokumentua ikusi zuen batek egindako idatzia dauka Laureano Telleriak. Bertan aipatzen denez, 1748an jarri zuten Espiritu Santoaren sinbolo den usoa, Manuel de Alkizalatek urreztatua. Hori azaltzen duen papera Donostian bilatuko dute.