«Pixkanaka euskarazko hitzak sartzen ari gara gure abestietan»
Idiazabalen hasi zen kantuan Zahra El Ouazzani Fernandez (Londres, Ingalaterra, 1996). Ordurako, anaiak, Mounir El Ouazzani Fernandezek (Londres, Ingalaterra, 1997), urteak zeramatzan rap doinuak sortzen. Gaur egun, biek abesten dute, norbere kontura eta elkarrekin ere bai. Euskarak gero eta presentzia handiagoa du bien lanetan.
Idiazabalen hasi zen kantuan Zahra El Ouazzani Fernandez (Londres, Ingalaterra, 1996). Ordurako, anaiak, Mounir El Ouazzani Fernandezek (Londres, Ingalaterra, 1997), urteak zeramatzan rap doinuak sortzen. Gaur egun, biek abesten dute, norbere kontura eta elkarrekin ere bai. Euskarak gero eta presentzia handiagoa du bien lanetan.
Londresen jaio eta Andaluzian bizi ostean, nola heldu zineten Goierrira?
Zahra El Ouazzani: Ama Londresera joan zen lanera eta aita ere bai, han ezagutu zuten elkar. Ingalaterratik Madrilera joan ginen eta, gero, Malagara. Ama Bilbokoa da eta, Andaluzian bizi ginenean, Euskal Herrira, itzuli nahi zuen. Horrela iritsi ginen Idiazabalera eta, bertan, Pilar-Enea Jatetxea hartu genuen. Orain, urte betez, anaia eta biok Granadan gaude ikasten, baina familiak Idiazabalen jarraitzen du eta gu ere joaten gara tarteka. Gure etxea bertan dago.
Zer ari zarete ikasten?
Z.El Ouazzani: Ni dantza kontserbatorioan nabil.
Mounir El Ouazzani: Ni ez naiz ari ikasten, lanean ari naiz. Gure sustraietara, hazi nintzen lekura, itzultzeko gogoa neukalako etorri nintzen Andaluziara. Lanean nabil, jatetxe batean.
Baduzue Idiazabalera itzultzeko asmorik?
M. El Ouazzani: Nik, hemen [Granadan] Gizarte integrazio goi-mailako ziklo bat egin nahi dut. Hori egin ostean, bai, iparraldera itzuli nahiko nuke. Bertan lan asko baitago adingabeentzako egoitzetan edo premia bereziko pertsonentzako zentroetan. Beraz, bai, badut itzultzeko asmoa.
Musikari dagokionez, noiz hasi zineten kantuan?
M. El Ouazzani: Niri haurra nintzenetik interesatu zait rap mundua. Gogoan dut, 2007an, etxera ordenagailua heldu eta gutxira, Youtuben rap batailak aurkitu nituela. Oso gustuko nituen, friki batean bilakatu nintzen. Hamasei urterekin Madrilera joan nintzen ikastera, eta han, ikasle-egoitzan, rapean aritzen zen mutil bat ezagutu nuen. Berarekin inprobisatuz hasi nintzen, eta, gerora nire abestiak idazten aritu naiz gaur arte. Euskal Herrira iristean, gehiago kostatu zitzaidan, ez nuen rapa abesten zuen jende askorik ezagutzen. Gerora, gaur egun nirekin batera Hitboysz taldea osatzen dutenak ezagutu nituen. Sei kidek osatzen dugu taldea.
Z.El Ouazzani: Ni Idiazabalen hasi nintzen kantuan duela bost urte. Betidanik dantzan aritu naiz, eta Idiazabalera heldutakoan, udaletxeak musika lokal bat zeukala esan zidaten, eta mutil batek gitarra flamenkoa jotzen zuela. Arraroa iruditu zitzaidan flamenkoa lantzea eta zer egiten zuen ikusi nahi nuen. Berarekin hasi nintzen nire lehen abestiak idazten. Ondoren, pare bat aldiz gurasoen tabernan, Pilar-Enean, abestu nuen.
Gazteleraz abesten duzue, baina, tarteka, euskarazko hitzak ere sartzen dituzue.
Z.El Ouazzani: Ni Euskal Herrian hasi nintzen abesten eta hori islatuta geratzea nahi nuen. Euskara ikasten ere hasi ginen, euskaltegira joaten. Arabiar Filologia ikasi nuen eta hizkuntzek nire interesa pizten dute. Gainera, gure publikoaren zati handi bat euskalduna da. Horregatik, pixkanaka euskarazko hitzak sartu ditugu gure abestietan. Orain, euskarazko kantu bat prestatzen ari naiz, Idiazabalgo lagun batek idatzita.
Nola definituko zenukete bakoitzaren musika estiloa?
M. El Ouazzani: Ni raparekin hasi nintzen, eta urte askotan zehar, soilik hip-hopa entzun izan dut. Gaur egun, beste estilo bateko abeslariekin elkartu ostean, eragina nabaritzen dut eta nire estiloa aldatzen ari da. Orain arte, gehien landu dudan gaia gizarte kritika izan da. Pertsona arrazializatuak gara, eta egunerokoan, jende askok ulertu ere ezin dituen gertaerak bizi izan ditugu. Asko landu dut gai hori, baina, orain estiloz aldatzen ari naiz. Halere, nire ezaugarri bereizgarrienak rapa eta kritika soziala dira.
Z.El Ouazzani: Mezu aldetik anaiaren antzeko gaiak lantzen ditut. Prestatzen ari naizen albuma, Odisea, ‘Etorkinaren sindromean’ oinarritzen da. Etorkinak iragan beharreko zailtasunen eta herriminaren inguruko abestiak dira. Musika estiloari dagokionez, nire abestiek eragin andaluziarra dute, baina anaiarekin eta bere taldearekin elkartzen naizenean, hip-hopera hurbiltzen dira nire kantuak. Halere, eurak baino melodikoagoa naiz.
M. El Ouazzani: Bai, flamenkoagoa.
Zenbait abesti elkarlanean egin dituzue.
Z.El Ouazzani: Bai, Esek abestia adibidez. Hitz horrek, hebreeraz negozioa esan nahi du. Kapitala da etorkinak bere herrialdea uztean galtzen duen gauzetako bat eta horretan oinarritzen da abestia. Bestetik, gure familiarekin ere badu lotura: ostalariak gara eta gure azalean bizi izan dugu negozioa, abestiak dioen bezala, «beti lan eta lan». Hori izan da bion artean egindako azken lana eta, laster, beste bat aurkeztuko dugu.
M. El Ouazzani: Datorrena beste gai batzuen ingurukoa izango da, pertsonalagoa. Ez du aurrekoak bezalako mezurik edukiko. Gure eguneroko kontuak izango ditu oinarri.