Ataungo organo barrokoaren musikak girotu du goiza Ataunen
Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko XIV. Jaialdia izan dute Ataungo San Martin elizan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren eta Ataungo Udalaren ekimenez.
Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko XIV. Jaialdia antolatu dute Donostiako Musika Hamabostaldiak eta Ataungo Udalak elkarlanean. Aurrez, uztailaren 24an egin zuten jaialdi honen aurtengo beste emanaldia eta gaurkoan iritsi da bigarrena. Ohikoa den bezala, abuztuko lehenengo igandea organo-hotsez alaitu dute ataundarrek eta bertaratu diren zenbait musikazalek. Goizeko 12:00etan eman diete hasiera kontzertuari eta Brett Leighton organo-jolearen dohaiez gozatzeko aukera izan dute.
Organo hau oso berezia da, izan ere, Espainiar Estatuko organugintza barrokoaren maisulantzat hartzen da. 1761.urtekoa da eta haren jabea Lorenzo Arrazola oñatiarra zen. Juan Antonio Maíz eta Joaquín Antonio Berasategui eskultore eta taillatzaileek egindako da organoaren kutxa, Arrazolaren oharrak jarraituz. Kutxa honek Vellón-eko 12.000 erreal balio zituen, eta kutxaren kanpoaldean ondorengoa irakur daiteke: ‘LAUDATE DNM. IN TIMPANO & CORO LAUDATE EUM IN CORDIS & ORGANO’.
Brett Leighton
Brett Leighton izan da gaurko emanaldiko protagonista. Izen oneko organo-jole austriarra da, australian jaioa izan arren. Hainbat diska kaleratu ditu iada. Sidneyko Musika Kontserbatorioan egin zituen bere ikasketa musikalak eta egun, Austriako Anton Bruckner Unibertsitatean organo eta klabe irakaslea da. Prestigio handiko musikaria da, izan ere, zenbait lehiaketa garrantzitsutako epaile izan da, baita beste hainbatetako irabazle ere, hala nola, Innsbruck hirian 1979an irabazitako Paul Hofhaimer saria.