Beasaingo Udal Gobernuak 20 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu proposamena eramango du udalbatzara
Leire Artola Beasaingo alkateak nabarmendu du "behar gehien dutenei begirako" aurrekontua dela. Ongizate arloan izango da igoera garrantzitsuena, %21ekoa hain zuzen ere.
2023 urterako aurrekontu proposamena aurkeztu du EAJren Udal Gobernu taldeak Beasainen. 20.717.561 euroko proposamena da, iazkoa baino %12,7 gehiago. Leire Artola alkateak nabarmendu du “kudeaketa zuhurrari esker” izango dela posible, eta 2023ko ekitaldia “zor propiorik gabe” ekingo dutela. Alkatearekin batera aurkezpenean izan ziren Adur Ugartemendia Lurraldea saileko burua, Malu Valles Ongizate saileko burua eta Elena Ruiz Herritarrak saileko burua. Ostegun honetan, abenduak 1, osoko bilkuran landuko dute.
Bost helburu estrategiko
Bost helburu estrategikotan oinarritu dute 2023 ekitaldirako aurrekontua, Beasaingo alkateak azaldu duenez: herritarren ongizatea; jarduera ekonomiko eta tokiko enplegua; herri nortasuna; jasangarritasuna; eta gobernu onaren kudeaketa eredua. Aipatu ere, tasak eta zergak izoztu dituztela 2023rako.
Ongizate arloari aipamen berezia egin dio Artolak; “%21eko igoera” proposatu dute, “behar gehien dutenak babestu eta inor atzean ez uzteko helburuarekin”. Helduenen beharren diagnosia egiteko, etxez etxeko laguntzarako, eguneko zentrorako, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko programa eta Alzheimerra duten pertsonen bizi kalitatea bermatzeko programetara bideratuko da, besteak beste.
Enplegua eta formakuntza sustatzeko helburuarekin hainbat egitasmo abian jarri eta babestuko dira. Egoera ahulean dauden pertsonen enpleagarritasuna eta kualifikazioa hobetzeko Goiekirekin elkarlanean lan egingo dute. Era berean, enplegura bideratzeko ikastaroetara 50.000 euro bideratuko dituzte. Emakume langabetuei zuzenduta Emaktiva programari ere bultzada emango diote. Berrabiarazi programa ere babesten jarraituko dute eta tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina desberdinak abiatuko dira.
Espazio publikoa eta bide sareak
San Inazio eta Esteban Lasa ardatza, erdiguneko arteria nagusia dena, birgaitzeko proiektuari ere aipamen berezia egin dio Leire Artolak. Datorren maiatzean edo apirilean lanak hastea espero dute. Gune publikoa zabaltzea bilatuko da, irisgarritasuna hobetu eta oinezkoen segurtasuna bermatu.
Proiektu horren ondotik, Barrendaingo Plazaren eraberritzearekin hasiko direla aurreratu du Alkateak. Gune hau intermodal bilakatu asmoa du Udal Gobernuak, eta Mugikortasun Plana izango du oinarri. Gainera, Oriako bide berde berria egikaritzea ere aurreikusi dute aurrekontuan, horrekin, osasun zentroa, Altamira auzoa eta Indar enpresa lotu nahi dituzte. 220.000 euroko inbertsioa suposatuko du.
Ingurumenaren zaintza
Ingurumenaren zaintza eta klima aldaketaren erronkari heltzeko diru partida garrantzitsuak proposatu dituzte. Udal eraikinen dependentzia energetikoa murrizte aldera, autokontsumo kolektiborako instalakuntza bat egitea aurreikusi dute, Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkian. Horrez gain, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bikoitza ipiniko dute Gernikako Pasealekuan. Kale argiteria LED teknologiara eguneratzen jarraitzea ere aurreikusita dago aurrekontuan. Bestalde, porteria eremuan uholdegarritasuna gutxitzeko, 600.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Ur Agentziari.
Gazteekin loturak indartu
Herriko gazteekin harremana indartze aldera, lanean segitzeko konpromisoa hartu du Beasaingo udal gobernuak. Haien interesak detektatzeko parte hartze prozesua martxan dago, gazteekin elkarlanean gazteria programa eraikitzeko asmoarekin.
Euskara “lehentasuna”
Udal Gobernu taldearentzat euskararen erabilera sustatzea “lehentasuna” dela adierazi du Artolak. Horregatik, euskara ikasteko diru-laguntzak, euskarazko udalekuak eta hizkuntza errefortzurako zerbitzuak mantendu eta indartzeko diru partidak bideratuko dituzte. Gainera, Aittu euskara taldearekin elkarlana berrituko dute, euskararen sustapenerako. Garabide elkartearekin ere elkarlanak jarraituko du, hizkuntza gutxituak berreskuratezko asmoz.
Berdintasun arloa
Berdintasun arloari dagokionez, gizarte parekideago bat eraikitzeko bidean, Beasaingo Berdintasun Plana eta horri dagokion ekintza plana lantzen jarraituko dutela iragarri dute. Berdintasun Kontseilua egonkortu eta dinamizatuz.
Azkenik, aipatu ere, kirol elkarteei zuzendutako diru laguntzak bideratuko dituztela.