Bertsoa nora, zapiak hara urtarrilaren 28an
Lardizabal eskolan bertso-saio didaktikoa izango da Zapiak Bat elkarteak antolatuta
Iaz ekin zitzaion "Bertsoa nora, zapiak hara" ekimenari, herriko haurrei bertsolaritza gerturatzeko asmoz. Badira beraien egunerokotasunean bertsoa eta euskal kultura urruti xamar bizi dituzten umeak eta ikastetxera bertsolaritza gerturatzea, hauentzat ezezik, gainerako ikasleentzat ere, aberasgarria izango zela pentsatu zuen Zapiak Bat elkarteak. Saioak arrakasta izan zuen eta urteroko egitarauaren barruan sartu nahi luke Lardizabal ikastetxeak ere.
Bertso-saio didaktiko honetan lau bertsolarik hartuko dute parte: Hodei Munduate eta Maide Garmendia zaldibiarrek, bertako bertso eskolan irakasle lanetan diharduen Oihana Iguaranek eta Eneko Araiztegi "Korta" segurarrak.
Zaldibiako haurrei, herriko bertsolariak ezagutzera emateaz gain, bailarako bertsolariak eta plazaz-plaza ezagunak direnak gerturatu nahi zaizkie. Herrian bertso eskola egonda, harako gonbitea ere luzatuko zaie umeei.
Emanaldia urtarrilaren 28an izango da eta bi saio egingo dira:
14:15ean 3. eta 4. mailako ikasleentzat
15:00etan 5. eta 6. mailako ikasleentzat
Ikasleen gurasoak eta herritar guztiak daude emanaldira gonbidatuta eta, Zapiak Bat elkarteak bezalaxe, Lardizabal ikastetxeak ere, arratsalde aberasgarri bat pasatzera gonbidatzen zaituzte denok.