Iritzia: Proletarioon inpotentzia
Hemen duzue Beñoat Aiestaranek guztiokin elkarbanatu nahi izan duen hausnarketa.
Aspalditik nuen atari honetan militantzia sozialistaren zergatiaren inguruan, nire hausnarketa xume bat plazaratzeko gogoa, eta bide batez inguruan nabari ditudan akusazioei erantzuteko baliatuko dut. Kostatu zait honetarako tartea eta ideiak ordenatzeko modua aurkitzea, baina uste dut, Ruper Ordorikaren “Lera zakurren baladak” lagundu didala zeregin honetan, horregatik baliatu dut kantu hau nire testurako gidoi gisa.
Balea hezurrez eginiko lera daramazuenZakur begi urdinok aiaiaiZer dela eta zoazte ipar haizearen kontraElur eternalezko lautadetan barrena.
Izotzezko itsaso mortuari azkura egiten diozuenzakur salbaia eta gosetuok ai aiainor da zuen jabe zein dama zuri zerbitzatzen duzuelatigopean, aho behe-lainozko bidean.
Zein helburu, zein mandatu, zein fantasiagatiklehertzen zarete ekinean, ai aiai,baldin eta helburua, mandatua, fantasiaez bada sekula zeuena izanen.
Giza jendea igloo ttipira sartzen deneanzuek kanpoan geratuko zarete ai aiaizuetako lagun ahulena akabatu beharko duzuegosea berdindu beharrez.
Itzal luzeen herrialdeko zuritasun eternalekozakur xuri proletariook, ai aiaiez duzue zaunka egiten eta, uluka,ohian epeletako otsoen antza duzue.
Zertarako bizi gara hainbeste arazo artean, zergatik egiten ditugu gauzak borondatearen kontra, zergatik hartzen ditugu erabakiak nahiz eta ez gustatu, finean, zergatik goaz aurrera hainbeste injustizia jasan ditugun historian barrena. Galdera hauen erantzunean dago konpromiso edo jardun militantearen zergatiaren funts orokorra, hots “kazkagogorkeriaren” funtsa. Galdera hauen erantzunak pertsonaren arabera aldatu egingo direla pentsa dezakegu, baina ez da horrela nire ustez; zertarako bizi garen, orokorrean erantzunik ez duen galdera edo erantzun superfiziala duen galdera izan oi da, nahiz eta oso garrantzitsua izan, ez diogu behar bezainbesteko garrantzia ematen. Zergatik egiten ditugun gauzak galdera, errazago erantzun daiteke, gure egunerokoan egiten dugun guztia bizitzan aurrera jarraitzeko edo bizirauteko egiten dugu, ezer ez dugunok beraz, ez dugu lana gustatzen zaigulako egiten, bizi ahal izateko beharrak asetzeko baliabideak lortzeko baizik. Hartzen dugun erabaki ia oro, gizarte kapitalistak, beraz kultura burgesak, baldintzatuta hartzen ditugu, ustezko behar eta desio batzuk sortzen dizkigute horretarako. Azkenik galdera guztiak barne biltzen dituen galderaren erantzuna, hauxe da erantzuten zailena, izan ere guztiz galdua dugu perspektiba historikoa, baina aldi berean erantzun hau da zuzenena; hau delako guri tokatu zaigun historiaren atala, hemen dagokigu guri bidea egitea.
Historiari kilimak egiten diogun langileok, historiaren bilakaeran dena eraiki dugunok, itzalean egon garenok; horrelakoak gara bai, gure arten salbajeak, biolentoak, gure ipurdia salbatzeko ondokoarena erretzen utziko genukeenak, ondokoaren goseak betetzen gaituenak, gure nahiak denen gainetik jartzeko edozer egiten dugunak. Ez gara gure buruen jabe, menpekotasun bitala dugu burgesiarekiko, ekoizpen bitartekoen jabe direnekiko; eta honek hau baliatzen du gure esklabutza muturreraino eramateko, gure lan indarraren jabe bakarrik garenok zapaltzeko, horretarako prozesu guztiz biolentoak martxan jarriz, eta gure bizitzak bizitza jasangaitzak bilakatuz.
Leher gaitezen, benetan gureak diren helburu, mandatu zein fantasiak lortzeko ekinean. Huek garbi edukitzea da konplexuena, izan ere txiki txikitatik helarazi dizkiguten ideiak ez dira ez justu ez garbiak; ikasi, lan on bat lortu eta lasai bizitzeko, bitartean ikasteko gaitasuna ez duenak pasa dezala gosea, kale bazterrean; zuk zurea egin eta lagunek egin dezatela nahi dutena, haserretzen badira beste batzuk aurkituko dituzu; garrantzitsuena zure zoriontasuna da, nahiz eta horretarako beste batzuk izorratu behar izan; kasu egin legeari, bestela zigortuko zaituzte, ametsak egi bihurtzeko daude, nahiz eta horretarako beste batzuen ametsak zapuztu… hau ote da benetan nahi duguna? Edo benetan nahi duguna elkartasunean, elkar zaintzan, denon ongizatean,… oinarritutako gizarte bat da, zeinetan denok zoriontsu izaten saiatuko garen, oztopo bakoitza elkarrekin gaindituko dugun, bakoitzak bere gaitasunen araberako ekarpena egin eta beharraren arabera jasoko duen.
Egun osoa lanean igaro ondoren, deskantsurako, lasai egoteko, lo egiteko, finean bizitzeko, lekua behar dugunok, ditugun zailtasunak nabarmenak ditugu; bestalde, egun guztia “leraren”, kapitalaren, gidaritza daraman burgesiak berriz, nahikoa du desio izatea, nahi duen moduko etxea lortu ahal izateko, eta gainera langileon behar hau baliatuz, kate motzean lotzea lortzen du, izan ere guk eraikitakoa hauei erostea edo alkilatzea besterik ez zaigu gelditzen. Hurrengo kontraesana aztertzerakoan, ideia bat baino gehiago datorzkit burura; batetik, gure artean sortutako etsaitasunean, ahulena, defenditzeko gaitasunik ez duena, zaurgarriena… erasotzeko joera dugu, gure egoera salbatu nahian, izan emakumeak, etorkinak, estatus sozial baxua duena, gure egora okertzearen erantzuleak gu baino okerrago daudenak direla argudiatuz. Beste alde batetik, baino aurrekoarekin lotuta, eguna ekinean igaro ondoren etxerako ogia ekartzeko larri ibiltzen dena datorkit burura, aukera bakarra bera baino zerbait gehixeago duenari kentzea, lapurtzea, soilik gelditzen zaiona hain zuzen; eta behar hau ezta naturala, halako kasuan lapurtzen duenak ez du aberasteko egiten, bere burua eta ingurukoena salbatzeko baino, bere inpotentziak erantzun espontaneoa sortu eta benetan bere egoeraren errudunari, benetako lapurrari, ostu beharrean, eskuragarri dagoena hartzearen beharra sentitzen du.
Historian barrena, zapalduak izan garen langile klaseko kideok, egun ez diogu gure etsaiari determinazioz erantzuteko borondaterik, kexuka gabiltza une oro, hau dela eta bestea dela. Injustiziarik gabeko egoeran aurkitzen garela dirudi, esplotaziorik gabeko historian, dominaziorik gabeko munduan, askatasuna eta berdintasuna nagusitzen den gizartean, egoera aldatzea besteen lana dela huste dugun sisteman; baina, jakin badakigu, aurreko guztia gure azalean bizi dugula, sufrimendu eta agonia latzez idatzitako historia baten ondorio garela; determinazioz zaunka egiten duena kate oso motzean lotzen duela etsaiak. Beraz, zakur proletariook, hasi gaitezen elkartzen, antolatzen, etsaiaren katea aztertu eta higatzen, zaunka egiten, guztion zaunkak nahikoa ez direnean pasa gaitezen etsaiari hozka egin eta historia luzean zehar lotu gaituzten kateak haustera; historian zehar gutxi batzuen mesedetara esplotatuak izan direnen gaitik, sistema injustu hauen itzalean erailak izan direnengaitik, kateak hausteko aleginean dena eman dutenen gatik, eguenero egunero bizirauteko besteentzako lana egiten dugunongatik… gure betebehar historikoari jarraiki, hasi gaitezen justizia historikoa gauzatzen!
Beiñoat Aiestaran (Zaldibia)