Urruztiarko bira giro dotorean
Osinberdeko ur-jauzia bisitatzeko aprobetxatu zuten txangoa eta ibilaldi polita atera zen
Parke botanikotik ekin zion ibilaldiari 50 lagunez osatutako taldeak. Eguraldi ederra izan zuten lagun, eta txikienak ere trebe ibili ziren oso.
Herritar bat baino gehiagorentzat ezezaguna den Osinberdeko ur-jauzira egin zuten bisita eta handik Urruztiarko bordaraino igo ziren. Gaintzolako iturritik behera, Olako Sai izan zen atsedenerako gunea. Bazkaldu, tokan ibili, zuhaitzetara igo, jolaslekuaz gozatu… primeran ibili ziren denak.
Herrirako bidea Pottokagunetik zehar egin zuten, Matxingortik behera, plazaraino. Han izan zen bukaera, izozkiz edo garagardoz osatua.
Txango honetan parte hartzerik izan ez duenak, izar urdinez markatuta aurkituko du ibilbidea noiznahi egiteko.