M-28rako atzera kontua
Udal eta foru hauteskundeetako egutegia zehaztuta dago, lau hilabete falta diren honetan. Apiril hasieran argitaratuko dute deialdia, baina zenbait izapide egiteko epeak zabalik daude jada.
Hauteskunde urtea izango da 2023a. Udaletarako eta Batzar Nagusietarako bozketa-eguna maiatzaren 28an ezarrita dago, eta horrek baldintzatuko du eskualdeko politikagintza hurrengo hilabeteetan. Hauteskunde-prozesua oraindik erabat indarrean jarri ez duten arren, dagoeneko zenbait izapide martxan dira, eta egutegia finkatuta dago. Etzi lau hilabete egingo da hauteskunde-bozketa.
Lasterketaren hasiera-danbatekoa apirilaren 4an emango diote, hauteskunde deialdia aldizkari ofizialean argitaratzen denean. Erakundeek ere legeak baimentzen dituen jarduerak soilik burutu ahalko dituzte ordutik aurrera.
Gaur-gaurkoz, Europako Batasuneko atzerritar herritarrek eta EBtik kanpoko atzerritarrek —estatuarekin hitzarmena sinatuta duten hamahiru herrialdeetakoek bakarrik— udal hauteskundeetan bozkatu ahal izateko epeak daude irekita.
Errolda, otsailaren 1ekoa
Otsailaren lehena ere egun esanguratsua izango da. Egun horretan itxiko dute hautesle-errolda, legeak dioenez deialdia egiten dena baino bi hilabete lehenagoko lehen egunekoak markatzen baitu errolda.
Aurten, udal eta foru hauteskundeez gain, udazkenean Espainiako Gorteetarakoak egingo dira. Datorren urtean, ekainean Europakoak eta uztailean Eusko Legebiltzarrekoak etorriko dira.