U.E. Santboiana baino gehiago izan da Ampo Ordizia Altamira zelaian
Lehen zati parekaturen ondoren, bigarren zatian garaipenagatik borrokatu dute goierritarrek, 41-25 gailenduz. VRAC Entrepinaresen aurkakoa izango da hurrengoa
Zalegoaren berotasuna faltan, baina indar guztiak aterata, mendean hartu zuen Ampo Ordiziak, U.E. Santboiana talde kataluniarra. 41-25 etxekoen alde joan zen igande goiza.
Lehen zatia gogorra izan zen, markagailua talde baten alde zein bestearena mugitzen baitzen. Puntu bakarreko aldearekin, eta oraindik guztia erabakitzeko minutu asko aurretik, baina Santboiko mutilak marka- gailuan nagusi zirela erretiratu ziren aldageletara (17-18).
Bigarren zatia, guztiz desberdin joan zen. Lehen minututik ordiziarrek erritmo oso altua ezarri zuten eta jokoan erabat nagusitu ziren, eta markagailuan ere antzeman zen, abantaila handitzea lortu baitzuten. Partida amaitzeko minutu gutxiren faltan, 41-18raino ere iritsi ziren ordiziarrak. Katalanek azken entsegu batekin markagailua zertxobait arindu zuten, baina azkenean 41-25. Argi eta garbi, bisitariak baino gehiago izan ziren. Partidako entseguak Jorge Tomas (bi), Julen Goia, Oier Goia eta Kawa Leaumak lortu zituzten. Aipagarria da baita ere Valentin Cruzek zigor ostikoetan erakutsi zuen abilezia eta Caylib Oosthuizen eta Keegan Munro azken fitxaketen estreinaldia ere.
Igandekoaren ondoren, sailkapen nagusian hirugarren postuan dago Ampo Ordizia, 10 punturekin. Aurretik ditu, Lexus Alcobendas, 15 punturekin lehen postuan eta VRAC Entrepinares 13 punturekin bigarren postuan. Datorren astean VRAC Quesos Entrepinares ahalguztidunari bisita egingo diote goierritarrek. Iaz lortutako garaipena errepikatu nahi izango dute ziur asko Iñigo Marotiasen mutilek.
Moyuak ere irabazi
Ohorezko mailan lortutako garaipenaz gain, albiste onak etorri ziren bigarren taldetik ere. Izan ere, 23 urtez azpikoek 33-29 irabazi zioten Santanderreko Independienteari.