Zumarragako airea ez da norbaitek sinestarazi nahi duen bezain txarra dio Mikel Serrano alkateak
datuak eman ditu eta datu horien arabera Zumarraga da Bilborekin batera udalerririk kutsatuena. Mikel Serranok adierazi duenez «iazko datuak dira, aurten ez dugu hilabete batean ere muga gainditu. Zumarragako airea ez da norbaitek sinestarazi nahi duen bezain txarra».
Alkatearen arabera iazko datuetan eragina izan duten faktoreak ondokoak dira: «GI-632 tunelaren lanek eta bailarako jarduera industriala, gainera N-1 errepidearen ondorio ere badira datu horiek».
Datu txarren aurrean «Eusko Jaurlaritza Arcelor-Mittal enpresako arduradunekin elkartu da eta zuzenketa-neurriak betearazi dizkio. Jaurlaritzatik esan digute enpresa honek emisioak kontrolatzeko neurriak hartzen ari dituela, iragazkiak jartzen etabar». Arcelor-Mittal Zumarragako kutsaduraren arduraduna den galdetuta, alkateak esan du «bailara osoko jarduerak eragiten digu».
Udalaren eta Jaurlaritzaren lankidetza
«Eusko Jaurlaritzarekin adostuta genuen aldibereko erreakziorako protokolo bat» jakinarazi du alkateak «sarearen bidez aldibereko datuak izan ditugu. Bestalde, Arcelorrek Jaurlaritzako inspektoreen bisita hartzen ari da aldiro eta egoerari jarraipena ematen ari diote. Lantegi honek inbertsioak egiten ari ditu egoera hobetzeko eta aurtengo datuak horren froga dira».
Kutsadurak osasunean izan ditzakeen ondorioei dagokienez Serranok dio «haurdun dauden emakumeen eboluzioa aztertzen ari dira Zumarragako Ospitalean Inma proiektuaren barruan eta kutsadurak eraginik ez duela diote. Haurdun dauden emakumeentzat eraginik ez badu, besteontzat ere ez du izango, ala?».
Kontrapuntua
Ezker abertzaletik Xabier Barriolak urteak daramatza Zumarragako airearen kalitatearen datuak aztertzen. «Inork ez zion zuzenketa-faktoreari garrantziarik ematen. Izazpi auzoko neurgailua ez zebilela ondo esan genuen Udalean eta Jaurlaritzan eta kasu handirik ez ziguten egin. Bien bitartean 0,68ko zuzenketa-faktorea erabili izan dute Zumarragako neurgailuarekin». Datuak zenbakietan ematen dituzte eta zuzenketa-faktoreagatik biderkatu behar dira. «Aurretik erdira ia jaisten zituen faktore horrek Zumarragako datuak». Zuzenketa-faktorea neurgailuaren akatsak zuzentzeko modua da “lehen erabiltzen zutena 0,68koa bazen neurgailuak behar bezala ez zuela funtzionatzen ondorioztatu zitekeen”.
Barriolaren arabera «kaleratu dituzten datuak iazkoak dira. Zuzenketa-faktore berria aplikatzeko zain geunden, Zumarragako datuak bakarrik falta zirelako». Aurreko martxoan Izazpi auzoko neurgailua aldatu zuten «bestea ez zebilela ondo onartu ez bazuten ere. Orain datuak errealagoak direla uste dugu, erabili duten zuzenketa-faktorea 0,93koa delako».
Nolanahi ere, kopuruetatik haratago «kutsadura horren ezaugarriak zeintzuk diren jakin beharko genuke. Hemen datuak ezagutarazten dituzte baina kutsadura horren ezaugarriak ez dituzte ematen. Litekeena da zenbaki hobeak dituen udalerri batetako kutsadura osasunarentzat kaltegarriagoa izatea, eta alderantziz. Ezinbestekotzat dugu partikulak zeintzuk diren zehaztea, tartean osasun kontuak baitaude».
Barriolak dioenez Ekintza Plana martxan jarri beharko luke Eusko Jaurlaritzak Zumarragan iaz 35 aldiz baino gehiagotan muga gainditu zelako. «Plan horren berri ez dugu. Protokoloak horrelakoetan plan hori martxan jarri behar dela dio eta ez dute egiten, edo guk ez dakigu behintzat egin duten edo nola dagoen kontua» gehitu du Xabier Barriolak.
Eusko Jaurlaritzak iazko kutsadura