Saio emankorra irakurle taldean Miren Agur Meaberen eskutik
Gorka Azkarate• Pasa den asteazkenean, Zumarraga-Urretxuko euskarazko irakurle taldearen martxoko bilkura izan zen, ohi bezala Urretxuko liburutegian. Oraingo saioan, Miren Agur Meabe idazle bizkaitarraren ”Zazpi orduak” liburu fantastikoaren gainean solastatu ziren irakurle taldekoak, Miren Agur Meabe idazlea ere bertan zela. Meabek liburuaren gaineko hainbat argibide eman zituen, eta irakurle taldeko kideen zalantzak asetu zituen. Miren Agur Meabe, olerkari bikaina da, eta haur eta gazteen literatura alorrean hainbat lan argitaratu ditu. Kaleratu berri duen ”Zazpi orduak”, ukitu fantastikoa duten hainbat ipuinez osaturiko lana da, euren artean lotura berezia dutenak.
Zumarraga-Urretxuko euskarazko irakurle taldeak apirilaren 12an egingo du bere hurrengo bilkura, eta egun horretan, Xabier Montoiaren ”Gasteizko hondartzak” lanaren gainean jardungo dira. Irakurle taldearen ateak zabalik daude irakurtzea gustuko duen edonorentzat. Liburua irakurri eta bertara hurbildu baino ez da egin behar. Saioak, Gorka Azkaratek gidatu ohi ditu. Apirileko saioaz gain, maiatzean ere beste saio bat egingo da, ikasturteari amaiera emateko. Urrian egin zen aurtengo ikasturteko lehenengo saioa, eta aurten hiru idazle pasa dira iarkurle taldetik: Eider Rodriguez, Ur Apalategi eta etorri berri den Miren Agur Meabe.